Ostiral gauean, herriko bertsozaleek badute hitzordua. Unai Muñoak gidatuta, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga punta-puntako bertsolariak Lasarte-Oriako plaza ezagunenetako batera etorriko baitira, Arrieskalleta elkartera hain zuzen.
“Badira zazpi urte Arrieskalleta Elkartea sortu genuela eta helburu behinenetako bat euskara sustatzea izan da hastapenetatik, beraz, testuinguru horretan kokatu beharko genuke gaurko saioa”, adierazi du Iñaki Izquierdo elkarteko kideak.
Earra! bertso-eskolakoekin harremanetan jarri eta saio “berritzailea” prestatuko zutela adostu zuten, irudia ardatz hartuta. “Ekitaldi polit bat izatea nahi genuke. Herrian beti egin izan dira gauza esperimental eta arraroak, ataka estuan jarri ohi ditugu bertsolariak eta emaitzak orokorrean oso positiboak izaten dira”, esan du Izquierdok.
Bertsoemotion 3D
Aurtengo nobedadea izenburuak berak dakar, “bertsoa” eta “emozioa” uztartzeko asmoa dute Arrieskalletan: “Irudiak protagonismo handia izango du, trailer eta bideo batzuk proiektatuko ditugu emozioak sustatzeko eta gero bertsolariak sortuko den giro edo aldarte horren gainean bertsotan egitera bideratuko ditugu; esperientzia polita izango da”, adierazi du Unai Muñoa Earra! bertso-eskolako kideak.
Gaiak “askotarikoak” izango direla adierazi du: “Bertso-afaria izanik, umoreak protagonismo handia izango du zalantzarik gabe, baina izango da gai sakonagoetarako tarterik”, esan du Muñoak.
Jendeak bertsoemotion@gmail.com helbidera bidaliko dituen irudiekin zer egingo duten ez dute azaleratu nahi izan antolatzaileek “sorpresa ri” tartetxo bat uzteko.
“Bertsolari eta ikusleen artean komunikazio berezi bat sortuko da, irudiek aldarte jakin batera induzitu eta bertsoen indarraz emozionatzea lortu nahi dugu”.
Afariko menua
Elkartea bera arduratuko da afaria prestatzeaz. Menua honakoa: euskal txerriaren kutixiak, arrain-zopa, azpizuna, postrea, kafea eta pattarra. Txartelak salgai daude dagoeneko Jalgin, 25 eurotan. Antolatzaileek zehaztu dute afarira joateko ez dela beharrezkoa elkarteko bazkide izatea.