Bertso txapelketarako beroketa ederra

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 25a, 12:00
Atzo, Eñaut Martikorena, Izarne Zelaia, Eli Pagola, Unai Gaztelumendi, Mikel Artola eta Ane Labaka bertsolari gazteek Gipuzkoako bertso txapelketarako motorrak berotzen hasi ziren Jalgi kafe-antzokian burutu zen lehenengo beroketa saioan.

Ohikoa ez den moduan, agurraren ondoren, zortziko txikian aritu ziren, umorezko gaiekin ofizioka. 

Ondorengo lanak binaka egin zituzten, zortziko handian lehenik eta ondoren Iparragirre doinu berezian. Azken honi dagokionez polita izan zen Eli Pagolak eta Ane Labakak bi ahizpen paperean egindakoa. 

Ondoren, Eli, Eñaut eta Izarne elkarri bina puntu jarri zizkioten eta jarraian bertso bana osatu behar izan zuten hamarreko handian Uxue Loinaz gaijartzaileak emandakoak bertsoaren azkenaurreko puntu bezala baliatuz. 

Horren ostean, Mikel Artolak, Unai Gaztelumendik eta Anek bakarka bota zituzten bina bertso.
Bukaerako agurren txandan Gaztelumendik barrez jarri zituen bertaratutakoak, horrelako entrenamenduekin finalean beste birentzat soilik dagoela lekua, Jalgin aritutako seiak finalean egongo direla aditzera emanez. 

Bigarren saioa

Gipuzkoako bertso txapelketa maiatzaren 9an hasiko da eta orduan ikusiko da Jalgiko entrenamendu saioak balio ote duen. 

Bitartean, hilaren 30ean beste "Beroketa saio" bat izango da Hernanin Biteri Kultur Etxean gaueko 22:00etan hasita. 

Bertan, Amaia Iturriotzek, Maider Arregik, Oier Iurramendik, Iker Osa eta Earra! bertso eskolako Beñat Iguaran eta Asier Azpirozek kantatuko dute.