Bertso-afaria martxoaren 14an

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 16a, 10:56
Igor Elortza, Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariek bertso-afaria eskainiko dute martxoaren 14an Xirimiri Elkartean, gaueko 21:00etik aurrera. Gai-jartzaile lanetan Harkaitz Cano herriko idazle ezaguna arituko da.

Bertso-afari literario honen helburua Irakurle Txokoa lasarteoriatarrei ezagutarazi eta ekimena diruz laguntzea da.

Menuak 20 euroko salneurria izango du eta Jalgin, Trumoin, Gure Etxean eta Ilargin eskuratu ditzakete txartelak herritarrek.

Menua honakoa izango da: Entsalada ilustratua, txerri ukondoa patata purea eta piperrekin, postrea eta kafea. Kopak ez dira menuaren barnean sartzen.

Antolatzaileek uste dute sorkuntzarako tarte polita izango dela. Gai-jartzailea eta hiru bertsolariak Euskal Herri mailan ezagunak izanik, jendearen erantzuna beroa izatea espero dute.

Ez da Irakurle Txokoa laguntzeko egingo duten ekintza bakarra izango, martxoaren 23an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi emanaldi eskainiko baitituzte Lasarte-Orian, Manuel Lekuona kultur-etxeko auditorio nagusian.