Bertso-afari literarioa "urte guztiko bertso ekitaldirik bereziena"

Adrian Garcia 2018ko ots. 16a, 10:30
Ane Labaka bertsolariarentzat saio "goxoa" izan ohi da Lasarte-Oriako Literatura Txokoaren bertso-afaria. Larunbatean Xirimiri elkartean jardungo du, Lander Garro, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabalekin batera. Sarrera guztiak agortu dira dagoeneko

Erritmo onean saldu, eta bukatu dira dagoeneko. Bertso- afaria baino bost egun lehenago agortu dira sarrerak. Ez dago lekurik Lasarte-Oriako Literatura Txokoak urtero antolatzen duen ekitaldirako. Eta ez da harritzekoa, aurreko edizioak oso arrakastatsuak izan dira eta. ETB1eko Hitzetik Hortzera-k iazko saioa grabatu zuen, eta saiorik ikusienetakoa izan zen. Aurten ere ikusmin handia sortu da. Horretan lagundu dute parte hartzaileek: Lander Garro idazlea, eta Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izango dira larunbat iluntzean Xirimiri elkartean. 

Lau urte dira dagoeneko Literatura Txokoak afaria antolatzen duela. Horietan guztietan ez du hutsik egin Labakak. "Urtean zehar egiten den bertso ekitaldirik bereziena da niretzat". Xirimiri elkartea txikia da, eta agian horrek lagunduta, "giro goxoa" sortzen da, etxekoa bezalakoa. "Bertso-afaria izatean ere, afalosteko giro horrek laguntzen du". Literatura Txokokoek mimo handiz  prestatzen dute gaua. Haiek arduratzen dira dena puntuan egoteaz, afaria barne. "Janaria beti goxo-goxoa izaten da". Giro horrek asko laguntzen die bertsolariei gero, lasai jardun dezaten. "Etxe giroa sortzen da".  

Literatura, bideratzailea 

Bada beste elementu bat bertso-afaria ezohikoa egiten duena: literatura. Izan ere, lau gonbidatutatik bat idazlea izaten da; Garro, kasu honetan. Hark egiten ditu gai-jartzaile lanak, eta ekitaldia bideratzen du, literatura pasarteren bat txertatzeaz gainera.  

"Ez dakit Landerrek nola planteatuko duen. Idazlearen arabera izaten da", azaldu du Labakak. Esaterako, bigarren urtean Danele Sarriugarte egon zen. Hainbat idazleren testuak irakurri zituen, eta horrekin lotuta gai bat planteatu zuen, elkarren arteko loturarik gabe. "Eider Rodriguezek, ordea, istorio bat sortu zuen, eta gu horren barruko pertsonaiak ginen. Idazlearen esku geratzen da". 

Iaz izan zirenek batez ere Rodriguezen parte hartzeaz oroitzen dira; idazleak jaso zuen txalo zaparrada handiena. "Saio dezentetan kantatu dut, eta ez nuen sekula ikusi gai-jartzaileak bukatutakoan ikus-entzuleek hari txalo egitea", esan du Labakak. Aurten ere, saio "polita" aterako dela uste du. Badaezpada ere, Hitzetik Hortzerako-ak prest dituzte kamerak ikuskizuna grabatzeko.