Gaztetxoen bertsoak oholtzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 26a, 12:00
Landaberri ikastolako eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko 5. eta 6. mailako gaztetxoek Lasarte-Orian bertsolari harrobia egin daitekeela erakutsi zuen atzo.

Gazteek guraso, senide edo lagunen aurrean ikasturtean zehar 'Gu ere bertsotan' ekimenean ikasitakoaren lagin bat erakutsi zuten. Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa lepo beteta egon zen bi saioetan.

Gelaka, mozorrotuta edo mozorrotu gabe oholtzara igo, lotsa eta urduritasuna alde batera utzi eta saiorako bereziki prestatutako bertsoa eskaini zuten. Batzuk gainera aurretik antzerkitxoa ere egiten zuten gaia hobeto uler zedin.

Hamaika gai jorratu zituzten zortziko txiki edo handian, hala nola, ikastola, olinpiadak, oporrak edo guda.

Elkarlana

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak duela hamasei urte hasi zuen 'Gu ere bertsotan' izeneko proiektua ikastetxeetan. Urtez urte hedatzen joan da proiektua Gipuzkoako herri gehienetara.

Lasarte-Orian Udalaren eta Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeen inplikazio eta elkarlana beharrezkoa da proiektua aurrera eramateko.

Proiektuaren azken helburuetako atzo burutu zen ikasturte amaierako jaialdia da. Honi esker, bertsolaritzaren bueltan lanean jardun diren neska mutilei jendaurrean aritzeko aukera eman zaie proiekzio publikoan trebatu daitezen.