Berdintasun plana lantzeko bilera irekiak Villa Mirentxun

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 23a, 16:41
Emakume eta Gizonen arteko diagnostikoa osatzen ari da Udala Sexuen elkarbizitzarako emakume zentroko lantaldearekin batera.

Helburua, I. Berdintasun Plana egitea da, herriko gizonezko eta emakumezkoek bizi duten errealitatea gertutik ezagutzeko. Horretarako, urtebeteko barne-lanketaren ostean, topaketa irekiak antolatu dituzte bihar arratsaldean 18:30ean eta asteazken goizean 11:00etan Villa Mirentxuko bilera gelan. 

“Bertara hurbiltzen denak  emakumeak eta gizonak nola bizi edo elkarbizitzen garen komentatzeko aukera izango du esparru ezberdinetan, bai kirolean, bai hedabideetan, bai hirigintzan, bai politikan, bai lan munduan edo zaintzaile bezala ari denean… Gai ezberdinez aritzeko aukera izango baita, betiere genero ikuspegia analisirako oinarria izanda”, adierazi dute Udaleko iturriek.