Berasategi omentzea onartu du udalbatzarrak

Adrian Garcia 2017ko abe. 15a, 11:30
Martin Berasategiren omenez izendatuko dute Loidi parkea, eta han egingo diote aitortza publikoa. Halere, erabakiak eztabaida piztu du batzarrean: EH Bildu eta ADLOP abstenitu egin dira, eta horrelakoak erabakitzeko galdeketak eskatu dituzte

Martin Berasategi sukaldaria Donostian jaioa da, baina mende laurdena darama Lasarte-Orian lanean. Urte horietan guztietan lan zabala egin du herriaren alde, eta Martin Berasategui jatetxearen bidez lau haizetara zabaldu du Lasarte-Oriaren izena. Herriko merkataritza sustatzeko lanetan ere nahastu da. Horregatik guztiagatik, Jesus Zaballos alkateak aitortza egitea proposatu du aste honetako udalbatzarrean: omenaldi publikoa egiteaz gainera, Loidi parkeari Martin Berasategi izena jartzea. Aurrera atera da proposamena, baina ez aho batez. PSEk, EAJk eta PPk alde bozkatu dute (hamar boto), baina EH Bildu eta ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Puede abstenitu egin dira (sei boto).  

Jesus Zaballos alkateak argudiatu duenez, Berasategik nazioartean egin du ezaguna Lasarte-Oria. Izan ere, erreferentziazko sukaldaria da; urtero Michelin izar mordoa irabazten ditu. Egun zortzi ditu, kudeatzen dituen hiru jatetxegatik jasoa. Herriko Martin Berasategui jatetxeak hiru Michelin izan ditu. "2015ean TripAdvisor atariko erabiltzaileek munduko jatetxerik onena izendatu zuten Lasarte-Oriakoa, eta herria mundu osoan ezagutarazi du gastronomiagatik", ohartarazi du Zaballosek. Horrez gain, alkateak gogora ekarri du Bartzelonako hiru jatetxeri Lasarte-Oriari erreferentzia egiten dieten izena jarri diola: Lasarte, Oria eta Loidi. 

Edonola ere, eztabaida piztu du gaiak udalbatzarrean. EH Bilduk eta ADLOPek ez zuten zalantzan jarri Berasategik egindako lana, baina ez diote egoki iritzi aitortza egitea.

Chourraut eta kiroldegia

Ezinbestean Maialen Chourrauten kasua azaleratu da. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi ondoren, udalak aitortza egin zion, eta udal kiroldegia piraguistaren omenez izendatu zuten. Halere, Arkaitz Naya ADLOPeko bozeramailearentzat kasua ezin daiteke alderatu. "Bata kirol arloan da, emakumezkoena gainera, eta hori beti bultzatu behar da. Bestea alor komertziala da". 

Pablo Barrio EH Bilduko ordezkariak argi utzi du alderdiaren abstentzioa ez dagoela Berasategirekin lotuta. "Toponimiatik datozen izenak errespetatzearen alde gaude, herriaren eta hizkuntzaren memoria ondareak direlako". Gainera, Barrioren ustetan, kale izendegiaren aldaketa herritarrek beraiek erabaki beharko lukete. Horregatik proposatu zuen alderdiak kontsulta bat, baina ekimena ez da aurrera atera. "Guk Elizatze plaza eta Tximistarreta parkea izendatzeko horrela egin genuen", oroitarazi du zinegotziak. 

EAJk aldeko botoa eman du, baina Jon Antxordoki bozeramaile jeltzaleak aukera aprobetxatu du Loidi parkearen egoera txarra nabarmentzeko. "Aitortza egiten bada, parkea behintzat txukundu beharko da". Horrez gainera, jeltzaleek salatu dute beste hainbat zonaldetan mantentze lanak egin behar direla, esate baterako, Plazaola bidearen inguruan.

Alkatearen erantzuna

Zaballos alkateak ADLOPeko Nayari erantzun dio: "Ez da aitortza komertziala. Martin  Berasategi joaten den tokira doala Lasarte-Oriaren izena eramaten du berarekin. Gauza bera egiten dute Maialen Chourrautek eta Antonio Mercerok". 

Bestalde, alkateak parkeen mantentze lanei buruz ere hitz egin du. Onartu du herriko zuhaitzak txukuntzeko lana badagoela, baina azaldu du gainerako zonaldetan konponketak egiteko prozedurak hasita daudela. 

Horrez gain, beste gai batzuk ere jorratu dituzte udal ordezkariek: kirol laguntzen arloko diru laguntzak jasotzeko oinarriak aldatu dituzte; Jose Maria Urdanpilleta dedikazio osoko zinegotzi izendatu dute;   Lourdes Acevedoren gain utzi dute Udaltzaingoaren buruzagitza;  eta Nuria Fernandez egin dute bosgarren alkateordea.