Beltzak RT-k denboraldi amaierako jaialdia ospatuko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 2a, 19:00
Besteak beste, zendutako Aitor Urangari egingo diote errugbi taldeko lagunek omenaldia 15:00tatik aurrera

Urte loriatsua izan da Beltzak RT-rentzat. 16 urtez azpikoen taldea Euskadiko txapeldun izan da, eta 14 urtez azpikoak txapeldunorde. Babyauto Zarautz taldean jokatzen duten lasarteoriatarrek ere azken unera arte borrokatu dute igoera.

Denen artean ospatuko dute denboraldia bihar Michelingo zelaian. Arratsaldeko 15:00etan hasiko da festa, gaztetxoentzako jolasekin.

16:30ean Beltzak RT-ko sustatzaile izandako Aitor Uranga omenduko dute. Beltzak eta Lagunak konbinatu seniorrak Atletico San Sebastian taldearen aurka jokatuko du. Inguruko taldetan aritzen diren jokalari lasarteoriatarrek osatuko dute Beltzak RT-ren hamabostekoa. 

Amaitzean, errugbiaren kanonak zorrozki jarraituz, parte hartzaile eta ikusle guztiek hirugarren denbora ospatuko dute batera. 

Errugbi zaleak diren lasarteoriatar guztiak gonbidatu dituzte biharko festan parte hartzera eta kirolarekin gozatzera.