Belarriprest pegatinen funtzioa indarrean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 24a, 10:33
Euskararen bederatzigarren Maratoiaren harira herriko negozioetan banatutako Belarriprest pegatinen funtzioari iraunkortasun bat eman asmoz, Aterpearen kanpaina baliatuko da horien eskaintza luzatzeko oraindik pegatinarik ez duten establezimenduei

Euskararen Maratoirako, zenbait Belarriprest karteltxo banatu zituen Lasarte-Oriako Udalak herriko hainbat  establezimenduetan. Horrela, herritarrek jakin bazekiten negozio horietara sartu eta euskaraz egin zezaketela.

Euskararen festa handia amaitu eta karteltxo haien funtzioari iraunkortasun bat eman asmoz, bi aldetatik ikus daitekeen Belarriprest pegatina batzuen eskaintza egin zitzaien establezimendu horiei eta guztira, berrogei inguruk jaso zuten aipatu pegatina hori. 

Baina euskararen bederatzigarren Maratoia amaituta, gainerako establezimenduei luzatu zitzaien eskaintza bera. Horrela, aurretik kanpainaren barruan zirenekin  batuta, 60 pegatina banatu ziren guztira.
Orain, Aterpea Merkatarien Elkarteak martxan jarri duen bazkide berriak bildu eta datuak aktualizatzeko kanpainaren baitan, Belarriprest pegatinei ere jarraikortasuna emango zaio. 

400 establezimenduri bisita
Lasarte-Oriako Sozioekonomia sailak eta herriko merkatarien  elkarte den Aterpeak, 400 establezimendu bisitatuko dituztela ere jakinarazi zuten atzoko agerraldian, eta dagoeneko lan horretan hasiak direla ere gehitu zuten.

Bisita horietan, Udalak, euskara zerbitzuaren bitartez eskuratu ditzaketen laguntzen inguruko informazioa emango diete arduradunei. Horrekin batera, 'Belarriprest' pegatina izateko aukera ere eskainiko zaie; horretarako, herritar euskalduna ulertzeko gai izan beharko dute establezimenduetako jendaurreko langileek.

Ekitaldiaren amaieran, Euskara Zerbitzuko lehendakari den Jon Antxordokik 'Belarriprest' pegatina duten hainbat establezimenduetako arduradunekin argazkia atera zuen.