Batzuk balorazio "oso ona", besteek "zakarra"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 13a, 18:44
Udalerriaren egoerari buruzko eztabaida egin dute alderdiek, lehen aldiz. Herritarren bizi kalitatea "oso ona" dela esan du alkateak, baina oposizioko alderdiek iritzi horrekin desadostasunak agertu dituzte. Etorkizun hurbileko proiektuez ere aritu da alkatea

Herritarren parte hartzearen araudiak 37. artikuluan behartu bezala, udalerriaren egoeraren eztabaida egin dute udaleko alderdiek, ezohiko udalbatzarrean. Gaiari lehen aldiz heldu, eta Lasarte-Oriaren egoeraren azterketa egin du alkateak. Azalpenari kontrako iritziak gehitu dizkiote, ordea, oposizioko gainerako alderdiek, eta Jesus Zaballos alkateak herriaren egoera "oso ona" dela esan badu  ere, ez dute balorazioarekin bat egin.

Etorkizun hurbilean egiteko duten inbertsio handiena udal kiroldegi berria da. Egungo eraikina "zaharkitua" dago, eta   herritarren eskariari erantzutea ezinezkoa dela onartu du Zaballosek. Egoera irauli eta irtenbide "azkar bat" ematen saiatuko da udala orain. Hori da ikasturte politiko berrirako lehentasunetako bat.

Horri helduta jarri dute mahai gainean Atsobakarreko futbol zelaiaren gaia ere. Usubilgo Udalarekin akordioa lortzea "ezinezkoa" izaten ari da Lasarte-Oriako Udalarentzat, eta desadostasun hori, proiektua "atzeratzen" ari dela salatu du.  Egoera horrek bultzatuta, gaia  behin-behinean alde batera uztea erabaki dute, eta kiroldegi berriaren lanei ekingo diote. Horrek, berriz, arazo handia ekar diezaieke Michelingo atletismoko pistako erabiltzaileei: bertan eraikiko dute kiroldegi berria, eta, horren ondorioz, entrenamenduetarako espazioa galduko dute kirolariek. Egoera horretara iritsiko balira,  epaitegietara jo dezake udalak.

Oposizioko taldeek iritzi sendoak agertu dituzte gaiarekiko, eta ez dute onartu erru guztia Usurbili egoztea.

Bestalde, Atsobakar egoitzaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi ostean, "erronka berri bat" dute orain, alkatearen hitzetan: plaza gehiago eskantzeko eraikina handitzea. Egun, 23 pertsona daude itxaron zerrendan, eta arazo horri aurre hartzeko, 50 berri egin nahi dituzte.

Atsobakar, erronka berri bat
Barne erregimenari dagokionean, oposizioak egiten ari dira. 
Langileen gaiak ere eman du zeresana; udala "erabat desegituratuta" dagoela uste dute EH Bilduk eta EAJk, eta horrek kudeaketa lana "zailtzen" duela. Esaterako, Hirigintza, Obrak eta Ingurumen departamentua denbora luzez izan da bururik gabe, baina iraila amaieran hasiko da postu horretako langile berria. 

Eraldatzera doazen auzoak
Lasarte-Oriako zenbait auzoetan eraldaketak izango dira. Jaizkibel plaza eraitsi eta urbanizatzeko proiektua aurkeztuko dute laster. Zumaburu auzoan ere, Ribera kaleko lokalekin dauden arazoak konpontzeko ahaleginak egingo dituzte. 

Guzti horrekin batera, martxan jarritako proiektuak eta egindakoak ere azalduta, Zaballosek hitzaldia amaitu du esanez lasarteoriatarren bizi kalitatea eta udalerriaren egoera "oso ona" dela. Gainerako taldeek, ordea, azaldutakoarekin desadostasuna agertu dute.

Lasarte-Oria "zakartuta"
EAJk ez du Zaballosek bezalako "balorazio positiboa" egin.Aurreikusitako lizitazioak "dagoeneko aterata" beharko luketela uste du Jon Antxordoki bozeramaileak: "Proiektu gehienak ateratzeke daude, eta nahiko denbora izan da horiek ateratzeko". 

Hori bera uste du EH Bilduk ere, alkatea "urduri eta korrika" doala: "Beranduegi iritsiko dela ederki daki. Proposatutako inbertsio guztiak hauteskundeei begira planteatu ditu, ez herriak dituen arazo eta beharrei erantzuteko. Epe laburrerako etekinari begira gobernatzen ari da".

Ahal du Lasarte-Oria taldeko bozeramaile Arkaitz Nayak gaiarekin zalantza agertu du: "Gobernuak herria zein ondo kudeatzen ari den azaltzen  duen bitartean, oposizioko taldeok horri kontra egiteko erreminta gisa erabil zitekeela aurreikusi dugu". Dena den, alkateari zenbait galdera plazaratzeko erabili dute euren tartea, eta beste zenbait gairen artean, Kotxeraseko pabiloiak, Zataraingo norabide bakarreko errepideaz eta Zabaleta Berriko etxebizitzen arazoak aritu dira.

Lourdes Acevedo PSE-EEko bozeramaileak alkatearen azterketa "erreala" dela ziurtatu du, eta orain arte egindakoarekin batera, etorkizunekoak hobetzen jarraitzeko asmoa erakutsi du. 

 

"Kudeaketa txarra zuritzeko gezurrak"

Atsobakarreko kirolgunearen eraikuntza oztopatzeko Usurbilgo Udalarekin "ados jarrita" egotea leporatu dio alkateak EH Bilduri. Alderdikideek jarrera hori "oinarririk gabekoa" dela salatu dute: "Zalantzazko bideragarritasuna zuen proiektuaren kudeaketa txarraren errua besteei leporatzea da asmoa". 
Lasarte-Oriako EH Bildu da "lehenengo interesatua" herriak nahi duen proiektua egiteko Atsobakarren; herritarrek erabakitzen dutenaren alde "nekerik gabe" defentsa egingo dute.

Bidegorria
Jesus Zaballos alkateak behin eta berriro errepikatu du Usurbilek bidegorri bat egiteko eskatu diola lur sailaren trukean, baina EH Bilduk hori gezurra dela ziurtatu du. Uztailaren 27an Usurbilgo Udalak bidalitako dokumentuan bidegorria egiteko "beharra eta premia" aipatzen dira: "Ez da inongo betebeharrik, etorkizunari begirako oharra baino ez da". Bidegorria bi udalerrientzako  da interesgarria. Hala defendatu du EH Bilduk. Izan ere, "guztiz arriskutsua" den puntu beltz bat (Troiako pasabidea) desagertuko da.

Horregatik,  Pablo Barrioren ustez, dirurik ez dagoela esatea "guztiz larria" da. "Marisol Garmendiarentzat hildakoak eragiten dituzten pasabideak kentzea ez dira lehentasuna".

Lizitazioa egiteko aukera
Bestalde, Atsobakarreko proiektuaz ere hitz egin du EH Bilduk. "Lizitazioa aspaldi jar zitekeen martxan.  Nahikoa zen oinarrietan klausula bat jartzea, ohartarazteko Usurbilek baimen eta lizentzia guztiak eman bitartean proiektua ez zela martxan   jarriko. Epaitegietara joateko mehatxua galeriarentzat egindako eszenifikazioa baino ez da". Edonola ere, Alderdia oso pozik agertu da kiroldegi berriaren proiektuari lehentasuna emateko erabakiarekin.