Etapa bat itxi eta berria irekiko dute Batxilergoa bukatu berri duten gazteek. Lasarte-Usurbil BHI institutuko bigarren batxilergoko ikasleek kurtso amaierako ekitaldia eta diploma banaketa egin zituzten pasa den ostiralean. Porrotx pailazoaren bisita jaso zuten, besteak beste. "Ume izateari inoiz ez uzteko" eskatu zien 18 urte inguruko gazteei. Ondoren, Aitana Tudela gelakidearen biolin erakustaldia entzun zuten ikasleek. Ohorezko matrikula eskuratu ahal izan zuten lau ikasleak ere omendu zituzten.
Egunotan, Unibertsitatean sartzeko frogak prestatzen daude ikasle asko. Beste batzuek, berriz, Lanbide Heziketako bidea hartuko dute. Egun batez bada ere, tentsioa alde batera utzi eta guraso eta irakasleekin batera luntx batekin ospatu zuten institutuan emandako azken eguna.