Bat-bateko polita Arrieskalletan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 7a, 13:00
Eskolarteko bertsolaritza txapelketaren edizio berria martxan da. Idatzizko, zein bat-bateko lanetan mila bat gaztek parte hartuko dute aurten. Gipuzkoako hainbat herrietan egingo dira saioak eta atzo Lasarte-Orian izan ziren. Bat-bateko saioa Arrieskalleta elkartean burutu zen eta ederki gozatu ahal izan zen etorkizuneko bertsolari hauen lanarekin.

Jon Otegi, Jokin Irastortza, Iraitz Mateo, Asier Ibarguren, Andoni Mujika eta Beñat Clemente izan ziren Lasarte-Oriako finalaurrekoan bertsotan egin zuten sei bertsolari gazteak. Gai-jartzaile lanetan berriz, Iker Iriarte eta Iñaki Rezusta aritu ziren.

Afaldu aurretik zozketa egin zuten eta afalostean ekin zioten saio puntuagarriari. 
Hasierako agurrak nahi izan zuten doinu eta neurrian bota ostean hasi zituzten ariketa puntuagarriak. 4 oinak emanda 8ko txikian bertso bat; binaka gaia emanda 8ko handian bina bertso; binaka eta hirunaka gaia emanda hiruna kopla trikitiarekin; bakarka puntuari erantzun eta gaia emanda bertso bat gehienez 5 puntuko neurrian.

Amaitzeko, lege onean, bukaerako agurra eskaini zieten ikus-entzuleei.

Saio alaia eta arina izan zen Arraieskalletan bildu ziren lagun eta bertsozaleek entzun zutena. 
Saioko lehen bi sailkatuek Asier Ibarguren eta Andoni Mujikak Irunen, apirilaren 26an izango den Gipuzkoako Eskolarteko finalean abestuko dute Hernani, Zarautz, Elgoibar eta Azkoitiako finalerdietako aukeratutako gaztetxoen aurka.

Txapelketa

Gipuzkoako bertso-eskolen Elkarteak, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak berriro ere elkarlanean Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa antolatu dute.

Honek bi atal ditu, idatzizkoa eta bat batekoa. 

Idatzizko sariketan Gipuzkoa osoko 234 ikastetxek parte hartuko dute. Bat-bateko bost saioetan, berriz,  15 eta 18 urte bitarteko 27 bertsolari izango dira lehian.

Apirilaren 26an Irunen izango den  Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunean emango zaio amaiera ederra txapelketari.