Baserritarrez jantzita, zero kilometroko azokara

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 13:00
Euskal Jaian murgilduko dira lasarteoriatarrak larunbatean. Ekintza ugariz beteriko egitaraua prestatu dute festari gauera arte eusteko. Horrekin batera, baserriko produktuen azoka ere izango da Okendo plazan, 10:00etatik 14:00etara

Euskal giroa nagusi izango da larunbatean Lasarte-Orian. Ttakun Kultur Elkartearen eskutik Euskal Jaiaz gozatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek egun osoz. Egitarau zabala osatu dute aurtengo festarako.

Goiz goizeko Dianarekin hasi, eta eguneko ekintzez gain, gauera arte luzatu ahal izango dute parranda herritarrek. Euskal produktuak erosteko aukerarik ere ez da faltako. Baserriko produktuen seigarren azoka antolatu du Behemendik egun bererako. Urtero moduan, Okendo plazan jarriko dituzte postuak baserritarrek, eta goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak.

Hamar saltokitan erosi ahal izango dute bezeroek, eta erosketetarako eskaintza zabala izango dute. Jatorrizko izendapeneko Idiazabal gazta, behi esnekiak, ahuntz gazta, ahate haragia, eta Tolosako babarrunak salduko dituzte. Horiekin batera, euskal txerriaren hestebeteak, arraza pirinioetako arrazako eta terreñako behikiak ere erosi ahal izango dituzte. 

Gozoak ere izango dira azokan. Eskuz egindako pastez eta ogiez gain, marmelada eta konfiturak ere salduko dituzte, baita Aizarnazabalgo eztia ere. Baserriko jogur ekoizleek ere postua jarriko dute plazan.

Herriko bi postu

Lasarte-Orian ekoitzitako barazkiak ere salduko dituzte. Urtero gisa, Telleri baserriko ekoizleak Okendo plazan izango dira barazkiak, intxaurrak, eta denboraldiko beste hainbat jaki saltzen. Hazi ekologikoen postua izango da herriko beste postua.

Horretaz gain krema eta ukenduak ere salduko dituzte, baita elikaduran erabiltzeko loreak, landareak eta sustraiak ere. 

Haurrentzako egurrezko jolasak ere izango dira plazan, arkupetan.

Salmenta onak Lasarte-Orian

Azken urteetan herritarren kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta horrek baserriko produktuen kontsumoan beherakada ekarri du. Horregatik, baserriko produktuak merkaturatzeko aukera "ezinhobea" da azoka. Horrela azaldu du Behemendi elkarteko Ainhoa Amundarainek.

Gainera, zero kilometroaren irizpideari eusten dio. Ez da inolako bitartekaritzarik gertatzen; produktuak sortzen dituzten ekoizleen eskutik jasotzen dituzte bezeroek produktuak.