Baserriko onena, Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 11a, 18:59
Baserriko Produktuen VI. azoka antolatu dute Behemendik eta Lasarte-Oriako Udalak. Hainbat produktu ikusi eta erosi dituzte herritarrek Okendo plazan

Idiazabal gazta, barazki freskoak eta koloretsuak, eztia, ukenduak eta kremak, erroskilak eta pastelak... Denetik ikusi eta erosi zuten herritarrek atzo goizean, Baserriko Produktuen VI. azokan. Okendo plazan jarri zituzten hamar postuetako salgai guztiek zeukaten ezaugarri komun bat: baserritik ekarriak dira. Ekoizle eta saltzaileen onena eraman zuten euren etxeetara lasarteoriatarrek. Euskal Jaiarekin bat egin zuen, eta bi ekitaldi horiek atmosfera berezi eta polita sortu zuten herriaren erdigunean. Bien bitartean, etxeko txikiek antzinako jolasez gozatu zuten, plazako arkupeetan. 

Gaur egungo kontsumo ohiturek eta gero eta gehiago zabaltzen ari diren merkatalgune handiek gutxitu egin dute baserriko produktuak erosteko aukera. Ohitura hori berreskuratze aldera hasi ziren azoka antolatzen Behemendi eta udala. Urtero edukitzen duen arrakasta ikusita, datorren urtean zazpigarren edizioa Okendon ikustea ez litzateke harritzekoa izango.

Argazki galeria