Basaundi irisgarriago izateko berrurbanizaioa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 9a, 12:00
Basaundi Bailarari erabateko itxuraldaketa egingo dio Sestra enpresak. Auzotarrek parte hartze prozesu baten bidez egindako eskaera guztiak kontuan hartuta, auzoaren berrurbanizazioa martxan jarriko du Lasarte-Oriako Udalak, laster

Basaundi Bailararen berrurbanizazio proiektua martxan jarriko du Lasarte-Oriako Udalak aurten. Horrela eman du ezagutzera Jesus Zaballos alkateak eta Agustin Valdivia Hirigintza zinegotziak prentsaurreko baten bidez. 2018. urte osoa eta 2019ko zati bat beharko dituzte lanak amaitzeko, eta apirilerako, beranduenez, amaituta izango direla iragarri dute.Udalaren parte hartze prozesu baten bidez, Basaundi Bailarako auzotarrek eskaerak egiteko aukera izan zuten, eta horiek guztiak kontuan hartuta egin du Sestrak auzoaren berrurbanizazio proiektuaren  diseinua. Atzo aurkeztu zizkieten planoak bizilagunei, eta azken pausua falta da orain; lizitaziora atera eta dagokion enpresak obrak egitea.

Basaundi "irisgarri" egingo du proiektuak. Orain arteko urbanizazioagatik, eskailera ugari daude etxebizitzetara sartzeko, eta horiek desagertu eta aldapak jarriko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek.  Horrekin batera, auzoa oinezkoen eremu bihurtuko da, eta autoen garraioa kanpoaldetik egingo da aurrerantzean. Dena den, larrialdi kasuetarako, garraio zerbitzuentzat sarbidea izango da.

Autoak aparkatzeko eremuak auzo kanpoaldean jarriko dituzte. Aparkaleku kopuruan ez da apenas aldaketarik egongo; alkatearen esanetan, plaza bakarra galduko da.

Espazio berriak 

Bizilagunen beste eskakizun batzuei erantzuna emateko, goiko plazan jolas eremu estali bat egingo dute. Horrela, orain arteko beheko jolas eremua desagertuko da, eta espazio hori, auzoko jaietarako eta bestelako ekintzak antolatzeko bideratuko dute.

Auzoaren goiko aldean, kirola egiteko makinak jarriko dituzte. Hori ere auzotarren eskaerari erantzunez. Bizikletak aparkatzeko bi leku ere gehituko ditu proiektuak. Horien kokapena bizilagunek erabaki dute. Begi bistan jarriko dituzte, horrela, inoiz gertatu diren lapurretekin amaitu asmoz.

Basaundiko etxebizitza gehienek ez dute igogailurik, eta horri irtenbide emateko, igogailuak jartzeko puntuak ere hauteman ditu Sestrak. Hori bai, bizilagun elkarteek erabakiko dute horiek jarri edo ez. Komun publiko bat egitea ere aurreikusten da. Proiektua gauzatzeko 1.800.000 euroko inbertsioa egingo du, udalak.