Basaundi bailarara zabalduko da algara

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 28a, 18:25
Kontzertuak, mus txapelketa, futbol partidak, lehiaketa gastronomikoak eta beste egingo dituzte asteburuan eta astelehenean Basaundi bailarako jaietan. Junior Lee taldeak joko du San Inazio egunean. Haurrentzako ekitaldi mordoa prestatu dute

Oria auzoan lehertu zen festa orain bi aste, eta, asteburu honetan, Basaundi bailarari iritsiko zaio txanda. San Inazio eguna iristear da, eta auzoan dena prest dute asteburua jai giroan pasatzeko. Adin tarte guztientzat pentsatuta egin dute egitaraua, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Kontzertuekin, puzgarriekin, herri bazkariarekin eta gastronomia lehiaketekin izango dute auzotarrek ongi pasatzeko aukera. 

Larunbatean, hilaren 29an, hasiko da festa; haurrentzako tailerrak egingo dituzte arratsaldean, eta rock taldeek girotuko dute gaua. Baina egun handiak igandea eta astelehena izango dira. Igandean frontoian barrenea izango da, eta ondoren ezkongabeen eta ezkonduen arteko betiko partida jokatuko dute. Bazkal aurretik pintxo-potea egongo da auzoko tabernetan eta txosnan. 

Mus txapelketa 

Bazkal ostean karta zaleek hitzordua izango dute: mus txapelketa jokatuko dute bailarako enparantzan. Haurrek ere izango dute dibertitzeko astia: apar festa antolatu dute teniseko pistan. Beroak gogor jotzen badu, freskatzeko aukera izango dute, hortaz. 

Etxera afaltzera joan nahi ez duenak izango du kalean tripa betetzeko aukera: tortilla patata lehiaketa egingo dute, 19:30ean.  Etxean eginak izan beharko dira tortillak, eta aldez aurretik aurkeztu beharko dituzte. Afalostean, eta gaueko ordu txikiak arte, musikaren erritmoan dantza egin ahal izango dute festa zaleek. Ibai Berriak berbenaren eskutik lehendabizi, eta DJ baten doinu elektronikoek astinduta gero.  

San Inazio egunean, egun osoko programazio zabala prestatu  dute. Ibilaldia egingo dute goizean goiz, enparantzatik abiatuta. Haurrentzako jolasak ere egingo dituzte, baina buruhandietatik ihesi ere egin beharko dute. Meza nagusiaren ondoren, toka eta bote txapelketa egongo da. Buruntzazpi elkarteak antolatuta, bazkaria egingo dute gero, eta haurrentzako puzgarriak eta askaria izango dira arratsaldean. Lee Junior taldearen kontzertuak itxiko ditu festak; 20:00etan hasiko du emanaldia.