Basaundi bailara biziberritzeko urratsak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 22a, 10:00
Basaundi bailarako eraikinak berritu eta irisgarritasuna hobetzeko diru laguntza emango du Eusko Jaurlaritzak. Laguntzei buruzko informazioa emateko bulego bat jarriko da auzoan. Berrurbanizazio lanak datorren urtarrilean hasiko dira

Basaundi Bailara auzoko berrurbanizazioko lanak urtarrilean hasiko dira. Auzoko birmoldatzearekin batera, Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzen berritze lanak ere sustatuko dituzte. Horretarako, 2.400.000 euroko  hitzarmena sinatuko dute.

Basaundi bailarako jarduketa Eusko Jaurlaritzaren 2017-2022 Lurralde Inbertsio Plan Integratuan dago. Eraikinen kontserbazio eta egoera sozio-ekonomiko ezegonkorra duten auzoetan jarduteko programa pilotuko proiektuetako bat da, Txabarri-El Sol (Sestao), Koroatzea (Gasteiz), Txomin Enea (Donostia), Txonta (Eibar), Otxarkoaga (Bilbo) eta Aramotz (Durango) auzoekin batera. 

Esku hartze hau 16 komunitatetan banatzen diren 151 etxebizitzatan eta 29 lokaletan izango du eragina. Jesus Zaballos alkateak jakitera eman duenez, bilerak egin dituzte auzokideekin eta ados agertu dira etxeak birmoldatzeko lanekin.

Alkateak zehaztu duenez, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak egin beharko dituzte laguntza horietaz baliatzen diren komunitateak; eta eraginkortasun energetikoaren kasuan, lanen ostean, gutxienez bi puntu gehiago lortu beharko ditu. 

Hori zehazteko, orain eraikinen ikuskaritza teknikoa, EIT, egingo dute, eta lanen ondoren beste azterketa bat egin beharko zaie.

Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzako dirua lau kuotetan jasoko du: 2018an, 235.000 euro; 2019an, 940.00 euro; 2020an, 765.000 euro; eta 20121an, 450.000 euro.

Ostean, laguntza onartzen duten komunitateen artean banatuko du. Gehienez lanen %50 berreskuratuko dute komunitateek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak edo udalak ematen dituen beste diru laguntzekin bateragarri da honakoa.

Bizilagun guztiei aukera eman nahi die udalak. "Galdu ezin den aukera bat da. Bizilagunen batek lanen bere ehunekoa ezingo balu ordaindu, berme funts bat eskatu ahalko dio udalari".

Horien guztien berri emateko  bulego bat jarriko da auzoan otsaila aldera, auzo elkarteko lokalean. Bertan arkitekto, administrari eta Gizarte Zerbitzuetako langile bana izango dira herritarren beharrak aztertzeko. Kontratazio hauek Lanbideren bitartez egingo dira.