Barrokoko doinuak biolinarekin

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 5a, 19:14

Elsa Ferrer biolinjole madrildarrak emanaldi atsegina eskaini zuen atzo arratsaldean Brigitarren komentuan. Danok Kide guraso elkarteak antolatu zuen emanaldia, XII. Musika Topaketen harira.

Zazpi urte zituela hasi zen Elsa Ferrer madrildarra biolina jotzen. Ibilbide zabala bizkar gainean daramala nabaritu zen atzo arratsaldean, Danok Kideren XII. Musika Topaketen harira Brigitarren komentuan eskaini zuen emanaldian. Hiru zatitan banatutako kontzertua eskaini zuen: J.S. Bach konpositorearen 'Partita nº2' jo zuen aurrena; ondoren, G. Ph. Telemanen 'Fantasia nº7'; eta, bukatzeko, Bach berriro ere. Zehazki, 'Partita nº3' obra.

Komentura gerturatutako herritarrek biolinarekin interpretatutako barroko doinuez gozatu ahal izan zuten.

Kurrikulum zabala

Arestian esan bezala, zazpi urterekin hasi zen Elsa Ferrer biolina jotzen. Horrekin batera, gaztetatik uztartu zituen ballet klasiko eta antzerkigintza ikasketak. Horrekin aski ez, eta abesbatza misto batean ere aritu zen. Madril eta Bartzelonako Goi Mailako Musika Eskoletan musika-ikasketak egin eta atzerrira joan zen gero biolina jotzen trebatzera.

1991. urtean Ars Combinatoria taldea sortu zuen; kontzertinoa da Ferrer gaur egun. Taldeak garai desberdinetako musika jotzen du. Horrez gain, artista madrildarrak hainbat grabazio egin eta kamarako zenbait musika-talderekin aritzen da. Dagoeneko eskaini ditu mila kontzertu inguru bere ibilbidean zehar.