Barre eta dantza eginez ordezkatu dute loa Lasarte-Oriako gautxoriek

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko ira. 22a, 14:53

Goizeko hiruak aldera festa zegoen oraindik kultur etxean. DJ Eddie Mae musikariak dantzan jarri ditu gautxoriak. Hori baino lehen, hainbat ikuskizunez gozatu dute lasarteoriatarrek

Kafeina baino lo-eragozle eraginkorragoak erabili dituzte gautxoriek esna mantentzeko: barreak, musika eta dantza. Lehenengo dosia, Okendo plazan, 20:30ak aldera: Oso Fan taldearen pop eta folk doinuek dantzan jarri zituzten ikus-entzuleak. Kontzertu freskoa eskaini zuen Giorgio Bassmattik, Quico Pugesek eta Ander Zulaikak osatutako hirukoak. 

Plazatik kultur etxeko kafetegira; musika entzutetik eta dantzatzetik barrez lehertzera. Yogurinha Borova eta Maria Urzelai aurkezleek eszenatokira igotzera gonbidatu zuten Alazne Etxeberria. Bakarrizketa bikaina eskaini zuen Euskal Herrian ligatzeari buruz (bideoko edukiren bat sartu). Ez zen gaueko saio bakarra izan: Asier Hormazak Manuel Antonio poligoneroaren abenturak eta desbenturak plazaratu zituen kafetegian bertan.

Gaueko bigarren bakarrizketa hasterako matrailezurrak minduta zeuzkaten ikus-entzuleek. Etxeberriaren bakarrizketarekin nahikoa ez, eta malkotan geratzeraino egin zuten barre Solo Fabiolo ikuskizunarekin, auditorioan. Rafael Maza aktoreak Fabiolo aberaskumea interpretatzen du: luxuz betetako Moraleja auzoan jaioa eta hezia, tenisa du batez ere gustuko. Baina erraketarekin ez du pilota soilik astintzen, baita ikus-entzulegoa ere.

Gautxoriak festarako gogoz zeuden oraindik, eta aukera eduki zuten gaueko ordu txikietara arte abestu eta dantzatzeko, Eddie Mae DJaren eskutik. Bitartean, Patricio Cocktail Bar tabernako Yon Pavonek koktel, garagardo eta freskagarri goxoak zerbitzatu zituen, eztarriak eta jai giroa fresko mantentze aldera.

Argazki galeria