Atzoko antzerkia zuzenean ikusi zuten pertsonetatik, bat baino gehiago sabelaldea minduta duela esnatuko da gaur ziur asko. Ez da harritzekoa: 'Abuelas a la fuga' antzezlanak iraun bitartean ez zioten barre egiteari utzi.
Itzatu antzerki taldeak hiru ekitalditan banatutako lana oholtzaratu zuen atzo iluntzean Manuel Lekuona kultur etxean. Hiru ekitaldi, eta hiru familia: horietako bakoitzaren ikuspuntutik ekintza bakarra jorratzen da. Funtsean, hirugarren adineko pertsonei ematen zaien trataera aztertu nahi da antzezlanean.
Oholtza gainean bikain aritu ziren aktoreek erakutsi zuten antzerkiak ez daukala mugarik nortasun-agirietan. Ikusleek ere jarri zuten euren hondar aletxoa esperimentuan. Emaitza: barre-algarek ere ez daukate adinik. Ederki asko frogatu zuten hori atzo iluntzean.