Oskorri, Pirritx eta Porrotx, Pantxoa eta Peio...eta irakurleari otu ahal zaizkion euskal musikari guztiak. Nori emango lioke Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskaldunon ereserkia sortzeko ardura? Aipatutako bakar bati ere ez. Ray eta Nik (Ramon Agirre eta Inazio Tolosa) artistek sortu dute, hainbat hilabetez ikerketa eta peskizak egin ostean, mundu osoan zehar.
Umorea eta musika lematzat hartuta, 'Putinen Guardasola' antzezlaneko bi protagonista zoroek munduan zehar bidaiatzen dute, ereserki bat nola sortu ikasteko. Ordubete irauten du Asier Sotak zuzendutako antzezlanak, baina askoz laburragoa dirudi denbora tarteak. Barre-algaraka eta txaloka igaro dituzte ikusleek 60 minutuak.
Xumela abesbatzak antolatu du gaur arratsaldeko ikuskizuna; harrera oso ona izan du. Hilaren 18an hasiko ditu entseguak herriko taldeak.