"Bando bando, alkateak esan do"

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 26a, 14:18
Urtero bezala, 22:30ean izan da Santa Anako parodiaren hasiera. Herritar guztiak prest ziren aurten Lasarte-Orian pasatakoen epaiketari barre egiteko

22:30ean hasi den parodia izan da Santa Ana egunari bukaera borobila eman dion azken ekintza. Basajaunek sutara kondenatu baina lehen, zer esan handiena izan duten herriko gaiak jorratu dituzte epaiketan. Algara artean, euskararen maratoia, irailan hipodromoan ospatuko den Kutxa Kultur Festibala, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko obrak, Hipodromo etoribidean eraikitzen ari diren dorre etxebizitzak eta Goiegiren ordezkoa izango den Burger King janari lasterreko jatetxeari buruz aritu dira umorez. "Sutara kondenatuak izan zarete eta sutara joango zarete!" Basajaunen hitzak izan dira azkenak.

Erketz Dantza Taldea izan da aurtengo parodiako omendua, eta testu batek lagundutako Sorgin Dantzako irudi bat jaso dute oroigarri moduan, Ttakun Kultur Elkartearen eskutik.

Parodian parte hartu duten aktore, trikitilari eta suhiltzaileek, 'Virgen de Guadalupe' Extremeña elkartean afaltzeko aukera izan dute 19:30ean eta Desfilean mugitu dira trikitixa doinuez 22:30ean Okendon parodiarekin hasteko. 

Santa Ana egun bukaerako eta parodiako argazki guztiak ikusgai dituzue argazki galeria honetan