Eguraldiak ez du lagundu, baina ez da oztopo izan. Lasarte-Oriako adineko pertsonek ekin diote euren aste handia ospatzeari. Biyak Bat egoitzan bandera altxatu dute kideek, eta festa lehertu da. Ttirriki-Ttarraka taldeko kideek girotu dute ekitaldia, trikiti eta panderoak eskuetan.
Lepo zegoen San Pedro eliza hamaiketan. Ordu horretan hasi da meza nagusia. Ia ordubetez egon dira herritarrak elizan, kalejiran Manuel Lekuona kultur etxerantz abiatu aurretik. Berriro ere, Ttirriki-Ttarrakako gazteekin egin dute bidea.
Hainbat musika eta dantza emanaldiz gozatu dute adinekoek bertan. Biyak Bat abesbatzako kideak izan dira taula gainera irteten lehenengoak. Euren errepertorioko pieza onenak eskaini dituzte: esaterako, Benito Lertxundiren 'Erribera'. Ondoren, Amaia Gonzalez Caballerok erakustaldia eskaini du, adin guztietako ikasleekin batera. Munduko Txapelketak irabaztera ere iritsi da herritarra, eta gaur erakutsi du zergatia.
Bukatzeko, Michelingo pilotalekuan elkartu dira berrehun pertsona baino gehiago, bazkari legea egiteko. Sabela bete eta gero, omenaldiak: ohitura den bezala, bazkariko bi pertsona helduenek erloju bana jaso dute: Maria Gonzalez eta Eulogio Lameiras dute izena. 91 urte dituzte biek. Horrez gain, aurten 80 urte bete dituzten gizon eta emakumeek lore-sorta bana jaso dute. 'Divinus' katering enpresa arduratu da janaria prestatzeaz. Digestioa egiteko, 'Ruby Berriak' taldearekin astindu du gorputza batek baino gehiagok.
Jesus Zaballos alkateak ezin izan du gaurko bazkarira joan, eta Lourdes Acevedo alderdikideak egin ditu alkate lanak.