Bakardadearen aurkako tresna: adiskidetasuna

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 18a, 18:00
Adinkide gobernuz kanpoko erakundeak 65 urtez gorakoak laguntzen ditu, boluntario lanaren bidez konpainia eta adiskidetasuna eskaintzen. Lasarte-Orian laguntzaile eta erabiltzaileen sarea eratu nahi du. "Esperientzia oso aberasgarria da bi aldeentzako"

Adiskidetasuna eta maitasuna konpartitzea. Ez dirudi konplikatua hasiera batean, baina askok dute horren falta. Batez ere 65 urtez gorakoek. Hain zuzen, hutsune hori betetzeko egiten du lan Adinkide gobernuz kanpoko erakundeak. Donostian du egoitza elkarteak, baina orain Lasarte-Oriara zabaldu nahi du laguntzaileen sarea. Horretarako, ordea, boluntarioak behar ditu. "Kontua da hitz egitea eta konpainia egitea. Lagun arteko harremana sortzea boluntarioaren eta pertsonaren artean. Ez dugu etxeko lanik edo beste lan administratiborik egiten", azaldu du Leire Garciak, fundazioko arduradunak. 
Madrilen sortu zuten Pertsona Edadetuen Lagunen Fundazioa, 2003. urtean. Gipuzkoako ordezkaritza orain gutxikoa da. "Haziak ereiten hasi gara orain", dio Garciak. 

Lasarte-Orian Danok Kideren egoitzan ezarri dira, Blas de Lezo kalean. Oraingoz bi pertsona dituzte programan. "Hastapenetan gaude, gure lana ezagutarazteko prozesuan. Kosta egiten da hasierako lan hau". Orain hasiko dira jasotzen eskaera gehiago, eta horregatik nahi dute osatu boluntario sarea herrian. 

Adinkiden lan egiten duten askok behin eta berriz diote: "Eman bai, baina jaso ere asko egin dut". Izan ere, lan eskerga egiten dute boluntarioek, bakardadeko une horiek estaltzen. Baina esperientzia aberasgarria dute. "Zaharrek duten indarragatik eta bizi izan duten guztiagatik asko ikasten dute. Edadetuak deitzen diegu, baina gazteak dira asko espirituz". 

Maite Balantzategik erabiltzen du Adinkide Lasarte-Orian. Astean behin elkartzen da Begoñarekin, fundazioko laguntzailearekin. "Familia daukat, ez nago abandonatuta. Baina medikuek gomendatu didate jendearekin elkartzea". 

"Ahizpa izango balitz bezala"

Adinkidek beste hainbat ekintza antolatzen ditu ere. Horrela, tarteka programako erabiltzeak elkartzen dira, sozializatzeko. "Boluntariez gain, saiatzen gara beste pertsonekin ere harremanak egin ditzaten, errutinatik atera eta arratsalde polit bat igarotzeko", azaldu du Garciak. 

"Begoñarekin oso ondo moldatzen naiz. Ni bezalakoa da: alaia. Txarra egiten duenean etxean geratzen gara kartetan jolasten, edo jubilatuetara joaten gara", dio Balantzategik. Denetatik hitz egiten dute. "Denbora gutxi daramat berarekin, baina nire ahizpa izango balitz bezala sentitzen dut".

Hala, pozik egoteak eragin handia du osasunean. "Laguntzailea dutenean askotan gutxiago joaten dira medikura. Zergatik? Animatua daudelako, ilusioa dutelako eta hitz egiten dutelako", dio Garciak. Distraitua egotean, atsekabeak eta minak bigarren maila batean geratu ohi dira. 

Bakartasuna, egungo arazoa

Izan ere, bakartasuna arazo larria da Mendebaldeko gizarteetan. Bizimodu presatiak eta joera demografikoak sozializatzeko modurik gabe utziko ditu asko, bakarrik. "Adituek aurreikusi dute XXI. mendeko arazoa izango dela. Azkarregi bizi gara, eta senitartekoak zaintzeko astirik ez dugu". 

Gizarte Zerbitzuetatik jartzen dira askotan harremanetan Adinkiderekin, laguntza eskatzeko. Gero bisita bat egiten diete zaharrei etxean, haiei buruz jakiteko. Era berean, boluntarioen profila aztertu ondoren erabakitzen dute zeinekin elkartuko dituzten, ahalik eta ondoen bat egin dezaten. "Esperientzia polita eta aberasgarria da, bai boluntarioentzat zein erabiltzaileentzat". 

Udalarekin lankidetza

Lasarte-Oriako Udalak bat egin du erakundeak egiten duen lanarekin eta bere lankidetza eskaini dio. Honen berri emateko bi erakundeetako ordezkariek agerraldia egin dute.

Adinkideko lehendakari Mercedes Villegasek eta Leire Garcia erakundeko arduradunak Adinkideren nondik norakoak azaldu dituzte. "Zahartzaroari buruzko beste begirada bat eman nahi diogu," azpimarratu du Villegasek. Garciak besteak beste, harremanetan sortzen diren hartu-emanei eman die garrantzia, baita elkarrekin pasatzen den denboraren kalitateari ere. Honez gain, adin guztietako boluntarioak daudela jakitera eman du. 

Udalak herritarren zahartzaroa hobetzeko eskaintzen dituen zerbitzuekin bat datorren proiektua da eta horregatik Udal Gobernuak erakundearen lankidetza proposamena onartu du. Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek Adinkide udalarekin harremanetan jarri zenean proiektu interesgarria zela iruditu zitzaiola adierazi du. "Nire esperientzia kontuan izanik, Foru Aldundiko Izeba proiektuko boluntarioa naiz, ezin izan dut ezezkorik esan. Oso aberatsa da horrelako harremana izatea eta asko eman eta jasotzen duzu".

Gizarte Zerbitzuetako arduradun Lourdes Acevedok erakundearen lana goraipatu du. "Administrazioa iristen ez den lekura iristen baita erakundea". Balioen garrantziaz ere jardun da, belaunaldi ezberdinen harremana eta esperientzien partekatzea azpimarratuz.

Era honetara, udalak herritarrak gonbidatu ditu erakundeko boluntario edo erabiltzaile izatera.