Babyauto Zarautzek, lehen bost puntuak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 19:00
Babyauto Zarautz taldeak lan ederra egin du Oviedoko El Naranco zelaian. Lehen zatian etxeko taldeak aurrea hartu du, baina bigarrenean partidari buelta eman diote gipuzkoarrek. Lasarte-Oriako jokalariek haien harritxoa jarri dute garaipenean

Babyauto Zarautz errugbi taldeak Ohorezko B mailan hasi du 2017-2018 denboraldia, eta Oviedoko El Naranco zelaian jokatu zuten lehen jardunaldia zarauztarrek. Zelai zaila izan ohi da Asturiaskoa, eta igandekoa horren erakusle izan zen. Oviedoko taldea gogotsu aritu zen, eta partida zaila izan zuen Babyautok. Beltzak RT Lasarate-Oriako taldearekin elkarlanean aritzen da Zarautzeko taldea. 

Etxekoek erritmo bizia ezarri zuten bere lerroan, eta lehenak izan ziren puntuak lortzen. 5. minutuan, azkar jokatutako zigor kolpe batekin, Zarauzko defentsa lokartuta aurkitu eta talde asturiarrak entsegua eta bihurketa lortu zituen. 3 minutu geroago, beste zigor kolpe bat lortu zuen, eta, 18. minutuan, entsegu eta bihurketa berri batekin, markagailuan 17-0  aldentzea lortu zuen Oviedoko taldeak. 

Nahiz eta Babyauto Zarautzek  aurrera egiten saiatu, Oviedok eraso guztiak geratu zituen. Hala ere, metroak irabazten joan eta atsedenaldirako minutu baten faltan, Oviedoko jokalari bat txartel horiaz 10 minuturako kanporatua izan zen. Ondorioz, gipuzkoarrek entsegua lortu zuten. 

Horrek konfiantza eman zien gipuzkoarrei, eta bigarren zatian erasora atera zen taldea. Oviedoko hamabostekoak ez zuen emaitza defendatzen jakin, eta Zarauzko  aurrelariak ederki aprobetxatu zuten; hiru laurdenek jokoa bertikala egin eta jokoa ireki zuten. 

Babyauto Zarautzek lau entsegu eta bi bihurketa egin, eta 17-36koa ezarri zuen markagailuan, denboraldiko lehen bost puntuak eskuratuz.

Lasarteoriatarren artean, Rekondo anaien eta Xabi Prietoren lana aipagarria izan zen, baita David Vegak lerroan egin zuena ere. Deialdian beste lasarteoriatar bat ere izan zen, Adrian Apaolaza, baina ezin izan zuen Ohorezko B mailan debuta egin. Igandean, 12:00etan jokatuko dute  A Coruñako CRAT taldearen aurka, Asti Zarauzko zelaian