Babyauto Zarautz RT-k laugarren amaitu du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 28a, 16:38
Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz RT-k amaitu du 2017-2018 denboraldia. Hogeita bi partidu jokatu dituzte eta horietatik hamar irabazita, sailkapen orokorrean laugarren postuan amaitu dute. Durangoko Arripausueta zelaian jokatu dute azken partida, pasa den larunbatean. Etxeko taldeak 22 eta 20 irabazi zuen, azken unean egindako transformaketa bati esker. Galdu arren, “sentsazio oso onak” izan dituzte jokalari lasarteoriatarrek. Durangon jokatutako azken partidan Rekondo anaiek, Xabi Prietok eta Adrian Apaolazak norgehiagokan hartu dute parte, eta harrobiko jokalari Gorka Aristondo ere jokatzera deitu zuten, nahiz eta ez zuen jokatzeko aukerarik izan. 18 urte ditu herriko jokalari gazteak, eta taldeko kide izatea “arrakasta” da. 16 eta 18 urtez azpikoek, berriz, Astin jokatu zuten igandean Universitario Bilbao taldearen aurka. Hamasei urtez azpikoek sailkapeneko lehengo taldea izan dute aurkari, eta honek ez die ezer egiteko aukerarik eman. Baina 18 urtez azpikoek, aldiz, gogor eutsi zioten norgehiagokari eta Universitarios Bilbao taldeak ezin izan zuen puntu bakar bat ere erdietsi.