Babesa TXINTXARRI-ko banatzaileei

Ttakun Kultur Elkartea 2018ko abe. 14a, 11:30
25 urte bete berri ditu TXINTXARRI aldizkariak. Boluntario eta langile askori esker lortu zuten orain mende laurden ametsa betetzea: Lasarte-Oriako etxebizitza guztietara euskara sarraraztea. Hori lortu da, hein handi batean, banatzaileen lan sakrifikatuari esker

25 urte bete berri ditu TXINTXARRI aldizkariak. Boluntario eta langile askori esker lortu zuten orain mende laurden ametsa betetzea: Lasarte-Oriako etxebizitza guztietara euskara sarraraztea. Hori lortu da, hein handi batean, banatzaileen lan sakrifikatuari esker. Horrexegatik aprobetxatu nahi du Ttakun Kultur Elkarteak zutabe hau ondokoa jakinarazteko; azken hilabetean bi banatzailek eraso fisikoak eta irainak jasan dituzte TXINTXARRI banatzen ari zirela. Bi kasu izan dira, biak oso antzekoak; bi bizilagunek portaletik  biraoka eta bortxaz atera zituzten banatzaileak, lanean ari zirela. Horren aurrean, elkarteak babesa adierazi die langileei, eta gertatutakoa gaitzetsi du. 

Lasarteoritar guztien eskubidea da astero-astero TXINTXARRI jaso ahal izatea. Eskubide hori bermatzen du Lasarte-Oriako Udalak Ttakun Kultur Elkartearekin sinatzen duen hitzarmenak. Hortaz, banatzaileei egindako erasoak beste ondorio batzuk ere baditu: bizilagunei herriko albisteak euskaraz jasotzeko eskubidea galarazten die.

TXINTXARRI-ren aurkako beste hainbat gertaera jazo dira azken urteetan. Zenbait tokitan banatutako aldizkariak kendu dituzte postontzietatik, zakarretara botatzeko. Halere, oraingoan muga onartezina gainditu da: bi langileri egin diete eraso, lan orduetan. Hori dela eta, Ttakun Kultur Elkarteak eskaera egin dio udalari, banatzaileek haien jarduna bete ahal izateko neurriak hartu ditzan. Horri esker lortuko da informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea.