Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraiki nahi dituzten partzelen inguruko informazioa eman asmoz, prentsaurrekoa eman zuen astelehen eguerdian.
Bertan jakitera eman zuten moduan, bi operazioren bidez Udalaren bi partzela adjudikatuko dira, horietan, babes ofizialeko 84 etxebizitza eraikitzeko.Zatarain eta Zabaleta berriko lur eremuetan eraikiko dira aipatu etxebizitzak.
Zataraingo lehenengo faseko lanak martxan dira, hura urbanizatzeko obrak, hain zuen.
Kasu honetan, 1.085 m²-ko partzela bat esleituko da, Construcciones Aburuza enpresak eraikiko dituen etxebizitza pribatuko 4 blokeekin batera.
Lur eremu horretan, Udalari dagokion zatian, babes ofizialeko 22 etxebizitza eraiki asmoz dira, trasteleku eta garajea izango dutelarik horiek guztiek.
Guztira eraikiko den azalera 2.266 m²-koa izango da, eta lizitazioko prezioa 851.475 eurokoa da.
Zabaleta-Berriko kasuan, berriz, bi partzela dira eta 64 Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko dira bertan.
Lur eremu horretako partzelak, 1.218 eta 1.344 m²-koak dira bi etxebizitza-bloke eraikitzeko; bakoitzean 32, eta hauek ere, Zataraingoen antzera, garajearea eta trastelekua izango dute.
Horrekin batera, 14 eranskin izango ditu Zabaleta berriko partzela bakoitzak
Lur eremu honetan eraikiko den azalera 2.890 m²-koa izango dela jakinarazi zuen Jesus Zaballosek, eta horrekin batera, 2.747.335 euroan baloratua dagoela ere azaldu zuen.
Zabaleta-Berri eremuaren kasuan, esleipena egokitzen zaion enpresak, gutxienez 13 etxebizitza eskaini behar dizkio Udalari, beren garaje eta trastelekuekin, eta 232.697 euro. Etxebizitza horiek, Lasarte-Oriako bizilagunei alokatuko zaizkie, Alokabiderekin sinatutako hitzarmen baten bidez.
Hobekuntza moduan, Zabaleta Auzo-Elkartearen lokala prestatzea proposatu da, eta horretarako 90.000 euro erabiliko direla gaineratu zuen Zaballosek.
Hileko ohiko udalbatzarra
2016ko abenduaren 13an eta 2017ko urtarrilaren 10ean ospatutako batzarren aktak aho batez onartu ziren. Horretaz gain, aurrez aipatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak eztabaidarako gai izan ziren iragan astearteko ohiko udalbatzarrean. Babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko eta saltzeko xedez, Zatarain eta Zabaleta-Berri lur eremuak birpartzelatzeko proiektutik eratorritako partzelen jabetza osoa adjudikatzeko baldintzen agiriak onartu ziren. Bi kasuetan, Zatarain eta Zabaleta-Berriko lur eremuen bozkaketan, 12 boto alde (7 PSE-EE, 3 LOAD, 2 EAJ), 3 abstentzio (EH Bildu) eta kontrako 0 boto izan ziren. PPko Alejandro Saenz ez zen joan.
Lasarte-Oriako elkarteen 'Sustraiak eta Hegoak' urtekari berriaren inguruan galdetu zuen EH Bilduk. Alkateari zuzendutako galderan, aldizkaria osatzeko kontuan hartu ziren irizpideak zeintzuk izan ziren argitzeko eskatu zuen. Azken edizio honek, 2016 urtean zehar Lasarte-Oriako 41 elkartek izan duten jarduera jasotzea du helburu eta elkarte bakoitzak bere aurkezpen testua osatu du. Horren harira izan da EH Bilduren galdera, elkarte kopuruaren eta testuen hizkuntzaren inguruan azalbideak eskatuz.
Herritarren txanda iritsitakoan, Zatarainen jada egiten ari diren obrek sortutako malda baten kexua eraman zuten San Frantzisko kale amaierako etxeko bizilagunek; gehiegizko inklinazioa duen malda sortu izana egotzi zioten alkateari.