Azkorteko erromeria igandean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 27a, 11:00
Santa Kruz egunean bertan ospatuko da aurten Azkorteko erromeria, maiatzaren 3an Urnietarekin batera. Jai giroa izango da nagusi goiz osoan zehar. Tradizioari jarraiki, meza egingo da baselizan. Ostean, bertsolarien saioak, herri kirolen erakustaldiak eta erromeriak osatuko dute egitaraua. Ermitara igotzeko, ohi bezala, autobus zerbitzua egongo da doan jubilatuen etxetik.

Azkorteko erromeria antolatuko du Ttakunek urteroko ohiturari jarraikiz maiatzaren 3an. Lasarte-Oriako bizilagunen artean errotuta dagoen hitzordua da hau, bereziki Oriatarren artean nahiz eta berez, urnietarren ermita izan egun Azkortekoa. 

Hala ere, aurtengoan badira berritasunak eta beste urteetan bezala, bi hitzordu ezberdin egin beharrean, egun batean urnietarrek ospatzea eta beste batean lasarteoriatarrek, igandean Urnietarekin batera antolatuko du Ttakunek Santa Kruz egunean bertan jaia Azkorten. 

Goizean goizetik jaiaz gozatzeko aukera izango da Buruntzaren magalean. Ohi bezala, 9:00etatik aurrera doan autobus zerbitzua egongo da ermitara igotzeko bi herrietatik. 
Izan ere, ezingo da kotxez ermitara igo bidea itxita egongo da eta. 

Autobusak gurean, Biyak Bat erretiratuen elkartetik abiatuko dira eta bueltan meza amaitzean jaitsiko dira.

Ekintza egitaraua

Egitarauari dagokionez, 11:00etan meza nagusia egingo da baselizan. 

Ostean, 12:00etatik aurrera bertsolarien saioa izango da, bertan arituko dira Patxi Etxeberria eta Anjel Larrañaga beteranoak. 

Herri kirolen erakustaldian berriz, Lasarte-Oriako Telleria harri jasotzaileak izango dira eta aizkolariak Mutrikuko Mugertza anaiak. Iaz erakustaldi polita eskaini zuten proba konbinatuan. 

Urtzi Telleriak gainera berriki Adunan egin den Gorostidi harria ekitaldian laugarren postua lortu zuen. 155 kiloko harria 11 aldiz altxatu zuen herritarrak, saria ordea, Aimar Irigoienentzat izan zen 20 altxaldirekin. Altxaldi kopuruan Telleriak Izeta III.arekin berdindu zuen baina hau baino pisu gutxiago izanda, berari eman zitzaion laugarren postua. Guztira hamaika harri jasotzaile lehiatu ziren.

Dantzarako aukera izango da ere eta herriko Ttirriki-Ttarraka taldeak girotuko du erromeria. 

Indarrak berreskuratzeko, jana eta edana izango dira ermitako kanpoko aldean jarriko den tabernan. Txorixo, odolki, haragi egosi pintxoak izango dira, baita salda eta edariak ere.

Antolatzaileek herritarrak igandean jai egun honetan parte hartzera deitzen dituzte.