Auzotarren maitasuna jasoz

Nerea Eizagirre 2018ko mar. 16a, 10:00
Sasoetako bizilagunek Barrenechea-Grijalba bikoteari omenaldi txikia egin zioten martxoaren 11an. Duela 47 urte, Bagri liburu-denda ireki zuten Jaizkibel plazan eta urrezko ezteiak ospatu dituzte martxoa hasieran

Musika, dantza, abesbatza rozieroa, janaria... denetarik izan zen igandean, Jaizkibel plazan. Herritar asko plazara hurbildu eta harriduraz begiratzen zuten baina auzotarrek bazekiten ederki zer ospatzen zen, Barreneche-Grijalba bikotearen urrezko ezteiak. 

Duela 47 urte, Juan Antonio Barrenechea eta Kontxi Grijalba herritarrek Baldri liburu-denda ireki zuten plaza horretan, auzoaren eraldaketa ikusi dute haien liburu-dendatik. Kontxik 1994 urtean urte hartu zuen erretiroa eta Edurne alabak eraman du geroztik denda, baina bikote oso maitatua da Sasoetan. Martxoaren 1ean, Barrenechea-Grijalba bikoteak urrezko ezteiak ospatu zituen. 

Hori dela eta, Sasoetako auzotarrei haien esker ona agertu nahi zien familiak. "Familiarekin ospatzeaz gain, auzoarekin ere ospatu nahi genuen. Auzotarrek duten fideltasuna dela eta, 47 urte daramatza liburu-dendak auzoan," azaldu du Edurne Barrenechea alabak.

Halabaina, auzotarrak izan ziren haien maitasuna eta laguntasuna eskaini zutenak. Edurne Barrenecheak aipatu duenez: "Urte bukaeran hasi ginen guztia antolatzen. Udaletxearekin hitz egin genuen eta elkarte baten bidez guztia errazagoa izango zela aipatu ziguten. Orduan Sasoeta Sasoain elkarteko kideekin jarri ginen harremanetan eta haiek lagundu gintuzten. Hortik aurrera, haien borondatez jendea batzen joan da. Auzoko elkarte gastronomikoak Saustatxo eta Ama Guadalupekoa Extremadura etxea, parrileroak, tabernak... guztiek bere aletxoa jarri dute." 

Oinarrian, familiak herritarrei mokadutxo bat emateko asmoa zuen eta otordua musikaz girotu nahi zuen. Menua Avilako txerrikumea, piper gorriak, gazta eta edaria zen. 

Ezustekoa familiak eraman zuen martxoaren 11an, ospakizun handia antolatu baitzen Jazkibel plazan. Barrenechea-Grijalba familia eta senitartekoez gain, auzotar eta herritar ugari bildu ziren. Sasoetako bi auzotarrek agurra dantzatu zieten eta Semblante Andaluz elkarteko abesbatza rocieroaren emanaldi txikia ere izan zuten.

Horregatik oso eskertua agertu da familia, batez ere, Sasoeta Sasoian elkarteari emandako laguntza guztiagatik.