Auzokonposta kentzea kritikatu du Eguzkik

Adrian Garcia 2017ko urr. 20a, 12:00
Lasarte-Oriako Udalak gutun bidez jakinarazi die erabiltzaileei zerbitzua etengo duela. Zaballos alkateak esan duenez, bosgarren edukiontziarekin "ez du zentzurik" auzokonpostak, kostuak bikoizten direlako. Eguzkik salatu du "atzerapausoa" dela

Erraustegiaren proiektuaren itzalpean, birziklatzearen inguruko auziek eztabaida sortzen dute herrian. Eta auzokonposta kentzeko udalaren erabakia ez da salbuespena izan. Lasarte-Oriako Udalak gutun bidez jakinarazi die auzokonposta erabiltzen duten herritarrei horretarako jarritako guneak kendu egingo dituela. Elkarte ekologistek udala kritikatu dute; Eguzkik uste du birziklatzeko prozesuan "atzerapausoa" dela. 

Auzokonposta erabiltzen duten auzotarrek bosgarren edukiontzira bota beharko dituzte hondakin organikoak, birziklatzen jarraitu nahi badute. "Hondakinak tratatzeko hurbiltasun printzipioaren aurka doa", salatu du Martin Ansok, Eguzkiko kideak. "Hobe da auzoan egiten bada konposta, horrela ez da inora eraman behar. Gero eta gertuago ekoitzi, gero eta hobeto", adierazi dio Txintxarri-ri. 

Udalak zerbitzuak "ez bikoizteko" hartu du erabakia, bosgarren edukiontziak organikoa birziklatzeko funtzioa betetzen duelako. "Lehen betetzen zuen funtzio bat, baina orain ez du zentzurik. Urtarriletik herritar guztiek organikoa birziklatzeko aukera dute", azaldu dio Jesus Zaballos alkateak aldizkari honi. 

Udalaren arabera, birziklatze sistema horrek ez du egoki funtzionatu. "Lortutako konposta ez dute sistemaren erabiltzaileek beraiek erretiratzen, kopuru txiki bat izan ezik. Zikloa ez da ixten autokonpostatzeak eskatzen duen moduan", dio udalak. Gainera, oroitarazi dute izena eman duten 89 familiatik 38k besterik ez dutela jarraitzen bosgarren edukiontzia martxan jarri zenetik. "Zerbitzuak eta kostuak bikoizten dira". 

"Funtzioa bikoiztu"

Alkatearen esanetan, konposta egiteko gune horiek aprobetxatuko dira, ikastetxeetan ezarriko  baitituzte. Landaberrira bi eramango dituzte, eta Sasoetara bat. "Ikasleek horrela ikasi ahalko dute birziklatzen, eta hori ondo egitearen garrantziaz kontzientziatu ahalko dira", esan du Zaballosek.  

Eguzki elkarteak bestelako iritzia du. Haien arabera, auzokonposta ez dago soberan, nahiz eta bosgarren edukiontzia ere egon. "Dena konpondu dute bosgarren edukiontziarekin. Baina gauza batek ez du bestea kentzen. Andoainen, Donostian... Leku askotan dituzte bi sistema horiek", esan du Ansok. 

Konposta sortzeko etxolak ikastoletara eramateari ondo deritzo Ansok, baina auzoetan daudenak bere tokian utzita. "Ikasleek ikasi badezakete, pentsa auzotarrek zenbat ikasi dezaketen". 

Elkarte ekologistak uste duenez, udalak hasieratik jarri du auzitan sistema hori. "Gurekin ez dute hitzik egin. Nik udaleko teknikariarekin hitz egin dut, baina udaletik eskutitz baten bidez soilik jakinarazi digute. Ez dute inoiz aparteko begirunerik izan gurekin". 

Horren erakusgarri da, Ansoren arabera, udalak hasieratik hartutako jarrera. "Sistema hori auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa bertan behera utzi du, proiektua erabat geldiarazi du". Egun, lau auzokonposta gune daude: Sasoetan, Atsobakarren, Basaundin eta Zapategin. 

Hobariak, aztertzeko

Horrez gainera, auzokonposta egiten zuten familiei kendu egin zieten zabor tasetan aurreko legealdian ezarritako %20ko deskontua. Haien lana aitortzeko ezarri zien deskontu hori aurreko udal gobernuak. 

Zaballosek argudiatu duenez,  "diskriminatzailea" zen hobaria. "89 familia horiek bakarri zuten zerbitzua erabiltzeko aukera, sistemak mugak dauzkalako, benetan eta zuzen erabili edo ez". 

Egun, udalak bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenei ez die pizgarri ekonomikorik eskaintzen. Eguzkiren arabera, horrek erakusten du erakunde publikoaren borondate falta. Udalak jakinarazi duenez, deskontuak aztertzeko urtebete itxaron nahi dute, sistema horren balantzea egiteko lehenbizi. Datuak eskuetan zehaztuko dituzte ondoren hobariak.