Gipuzkoako Foru Aldundiak autobusen zerbitzuari buruz aurkeztutako aurreproiektuak hautsak harrotu ditu. Erabiltzaileak eta gidariak mobilizatu dira, eta Autobusetan murrizketarik ez plataforma sortu dute. Tolosaldeako eta Buruntzaldeako herrietan kanpaina egin ondoren, hurrengo asteartean, hilaren 27an, murrizketen aurkako 7.000 sinadura erregistratuko dituzte aldundian. Martxa batera ere deitu dute egun horretan. 11:00etan Donostiako Pio Baroja plazatik, Aldundiko Lurralde antolaketaren bulegoa dagoen tokitik, Gipuzkoa plazara joango dira. Agerraldia egin, eta hor erregistratuko dituzte sinadurak.
Aldundiak hasieran aurkezturiko epeak ez dira betetzen ari, eta pentsatzekoa da aurreikusi baino gehiago luzatuko dela proiektua. "Berez argitaratuta egon beharko luke. Baina badirudi helegiteak eta sinadura bilketak atzeratu egin dutela", esan dio txintxarri-ri Ainhoa Elgezabalek, TSSTko langile batzordeko kideak.
Proiektuak kezka handia eragin du langileen eta erabiltzaileengan. Beldur dira, autobus lineak murriztean ezinbestean langile gutxiago beharko direla uste baitute. "Guri ez digute ezer esaten, ez enpresatik, ezta aldunditik ere. Ez dute gurekin bildu nahi. Hedabideetan egiten dituzten adierazpenengatik dugu prozesuaren berri".
Aurreproiektuaren eragina
TSSTko langile batzordeak aztertu du aldundiaren aurreproiektua. Modu honetan eragingo lioke Lasarte-Oriari: ospitaleetarako linea %46 murriztuko dute; Lasarte-Oriatik Donostiara, %25; Amarara, %25; Andoainera, %25; Hernanira, %46; eta Tolosara, %50. Urtean 800.000 kilometro gutxiago egingo dituztela ondorioztatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, "lineak berregituratuko" direla esan du, ordu gorenetan autobus gehiago jartzeko.
"Diputazioaren jarduteko modu honen atzean eredu neoliberal basatia dago, zerbitzu publikoak suntsitzeko eta ekonomia pribatuari ateak irekitzeko", salatu du murrizketen aurkako plataformak.
Horren aurrean, plataformak aldarrikatu du sistema publikoaren inguruko erabakietan parte hartzeko eskubidea. "Hori da demokraziaren oinarria".
Herritarrek oraindik ere badute sinadura bilketan parte hartzeko aukera. Kontsumobideko bulegoan eman diezaiokete atxikipena plataformari.