Arratsaldeko ekitaldiekin hasi baino minutu gutxi lehenago euriak mehatxu egin badu ere, berehala geratu da, eta Lasarte-Oriako herritarrak, San Pedro eguneko arratsaldeaz gozatzera irten dira kalera. Okendo plazan, Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako sagardo dastaketa izan da, eta, giro onean aritu dira herritarrak edariaz gozatzen. Euro bateko edalontzia erosi, eta, nahi beste edan ahal izan dute sagardoa amaitu bitartean. Edariari laguntzeko, berriz, Aterpea Merkatarien elkartearen eskutik, sardinak jateko aukera ere izan dute bertaratu direnek.
Horrekin batera, Sorgin Jaiek antolatuta, truke azoka egin dute Okendo plazako arkupeetan. Arratsaldeko 19:00etan, BM supermerkatu aurreko plazara leku aldatu, eta gazteen arteko olinpiadak egiten aritu dira. Giro bikaina sumatu ahal izan da horietan.
Ordu berean, 19:00etan, Biyak Bat helduen egoitzako kideen konpartsa abiatu da elkartetik. Kantuan, dantzan eta alai ibili dira herriko kaleetan barrena, kalejiran, txarangak lagunduta.
San Pedro gaueko ekitaldiei paso eman aurretik, dantza tradizional gidatuak ere izan dira Okendo plazan. Ttirriki Ttarrakako trikitilarien doinuekin aritu dira lehenik dantzan Okendon bildutakoak, eta horren ostean, dantza tradizionalei egin diete tartea, David Egizabalen gidaritzapean.
22:00etan bertso saioa izan da Manuel Lekuonan, ondoren Azabache musika taldearen emanaldia Jaizkibel plazan, bertsio gau eta karaokea Sorgin Jaien eskutik, Okendon, eta, zezen suzkoa kale nagusian.
Arratsaldean egindako ekitaldien irudiak bildu eta galeria osatu dugu. Ikusi hemen argazkiak.