Atsobakarrera itzuli da 'Argizaiola'

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 28a, 15:41

Hiru urte eta gero, argia itzuli da Atsobakar parkera. Bertan ikusi daiteke, gaurtik aurrera, Danok Kide elkarteko lehendakari eta kooperante izandako Juan Jose Mendiluzeren omenezko 'Argizaiola' eskultura. Gotzon Huegun artista lasarteoriatarrak egin du lana; harria eta marmol beltza erabili ditu

"Argizaiolaren leihotxoak aukera ematen digu ikusteko non dauden laguntza behar duten lasarteoriatarrak". Juan Jose Mendiluzeren alargun Ixabel Zuaznabarren hitzak dira. Gaur bueltatu da senarraren omenezko Argizaiola eskultura Atsobakarrera. Argi berezia dauka parkeak, hiru urte eta gero (2014an ostu zuten aurreko lan artistikoa). Gotzon Huegun eskultore lasarteoriatarra arduratu da, duela hiru urte bezalaxe, Mendiluzeren eta Danok Kide elkartearen lan eskergari forma fisikoa emateaz. Harria eta marmol beltza erabili ditu horretarako. "Eskultura eleganteagoa eta iraunkorragoa egite aldera erabili ditut material horiek; Juanjoren eta Danok Kideren jardunarekin eta balioekin bat dator Argizaiola. Espero dut herriak bere egitea lan hau", azaldu du. Eskerrak eman dizkio Danok Kideri eta Lasarte-Oriako Udalari, lan hau egiteko ardura berari emateagatik berriro.

Eskultura inauguratu berritik metro eskas batzuetara dago Juan Jose Mendiluzeren omenezko lehen oroigarria: 1997an inauguratu zuten plaka. Data hori ekarri du gogora Jesus Zaballos alkateak, Udalaren izenean hitza hartu duenean: "Beti gogoratuko dugu Juanjo, lasarteoriatarren alde egindako lanagatik; eskulturak ederki sinbolizatzen du bere apustua, eta baita Danok Kiderena ere: inongo interes ezkuturik gabe herritarrei laguntzearena, besteen beharrak asetzearena, boluntario izatearena". Aipagarria da udal korporazioko alderdi ia guztietako (PP salbu) zinegotziak ere egon direla inaugurazio ekitaldian.

Alkatearen ostean, Danok Kide elkarteko lehendakari Julio Valientek hartu du hitza. Hainbat urtez egin zuen lan elkarrekin Mendiluzerekin, eta, nola ez, hainbat anekdota ekarri ditu gogora, ekitaldi hunkigarriari umore ukitua emanez. Elkarteak egiten duen lana ere nabarmendu du: "Boluntario guztiak gara funtsezkoak, baina gure helburua da benetan garrantzitsua, ordezkaezina: boluntariotza, lagun hurkoari laguntza ematea". 

Juan Jose Mendiluzeren alargun Ixabel Zuaznabarrek itxi du gaurko ekitaldia, erabat hunkituta. Argizaiolari begira geratu, eta segundo gutxiren buruan, gogoratzeko moduko hausnarketa egin du: "Eskulturaren goialdean dagoen zulotxo hau leiho bat da; bertatik begiratzeak aukera ematen digu ikusteko non dauden gure laguntza behar duten herritarrak. Haien alde ezin dugu asko egin, baina are gutxiago da ezer ez egitea". Bukatu aurretik eskerrak eman dizkio Gotzon Huegun eskultoreari, Lasarte-Oriako Udalari eta Danok Kide elkarteari. Ekitaldira bertaratutakoek txalo artean egin diote ongi etorria Argizaiolari, Atsobakarreko parkea (eta Lasarte-Oria) berriro argitu duen eskulturari.