Aterpeako bezeroentzat aparkalekua doan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 17a, 13:37
BM gaineko aparkalekua Murias enpresarena da eta Udalarekin zein jabeekin sinatutako hitzarmenei esker, Aterpeako bazkide diren dendek euren bezeroei aparkalekuko txartelak banatuko dizkiete.

Jesus Zaballos Alkateak eta Ramon Ormazabalek aurkeztu zuten astelehenean udalak eta Aterpeak sinatutako hitzarmena. Honen bitartez udalak 1.000euro emango dizkio Aterpeari bere bazkideak diren komertzioetako bezeroek dohainik aparka dezaten.

Zaballosen esanetan, ekimen honekin bidea erraztu nahi zaio herriko beste zonalde batzuetatik erosketak egitera datorren jendeari. “Beste urrats bat da herriko merkataritza indartzeko, ohiturak aldatzeko balio du eta jendea animatu daiteke, jakinda, kotxea kalean utzi beharrean, aparkalekuan utzi dezakeela kosturik gabe”.

Aterpeak 900 euro erabiliko ditu aparkaleku horiek doan izan daitezen eta 100 euro kartelak eta publizitaterako iragarkiak jartzeko. Elkarteak 5 euroko 20 tiketeko takoak eskaini dizkie bazkideei. Horrela izanda, 1.277 txartel jarriko dira bezeroen eskura.

Programan sartzen diren Aterpeako bazkideek 10 euro baino gehiagoko erosketa egiten duten bezeroei eskaini ahal izango dizkiete ordu baterako balio duen txartela.

Murias enpresak, aparkalekuen jabea, bere aldetik, diru kopuru bera jarri du programan, Aterpearekin zuzenean egin duten hitzarmen baten bidez.