Parekidetasun aldarriek asteburuan jarraitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 20:53
Martxoaren 8aren harira antolatutako hainbat ekintzatan hartu dute parte lasarteoriatarrek asteburuan. Zunba maratoian, antzezlanetan eta afari herrikoian ikusi eta entzun dira parekidetasun aldarriak

Martxoaren 8aren oihartzuna ez da isildu, inondik ere: asteburuan ozen entzun eta garbi ikusi ditugu parekidetasunaren aldeko aldarriak Lasarte-Orian. Hainbat ekintzatan hartu dute parte herritarrek egun hauetan.

Gaur goizeko zunba maratoia izan da jendetsu eta koloretsuena. Aizpea Arroyo eta Eneida Martijak gidatu dute ia bi orduko saioa. Gazte zein heldu, emakume zein gizon, lasarteoriatar asko animatu dira Okendo plazara joan eta gorputza ederki astintzera. 

Atzo arratsaldean, ihes gela joko famatuan hartu zuten parte hainbat gaztek, Gaztelekuan. Horiek hasi eta ordubete ingurura, Uff que familia (Uff, a zer nolako familia) antzezlanaren emanaldia hasi zen, Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko Lan eta Lan konpainiako kideek lan bikaina egin dute taula gainean, beste behin.

Eguna ongi bukatzeko, herriko hainbat emakumek bapo afaldu zuten Oriako El Jardin jatetxean, hainbat udal ordezkarirekin batera. Jesus Zaballos alkatea eta Lourdes Acevedo gizarte zinegotzia, besteak beste. Semblante Andaluz elkartean ere 75 bat emakume elkartu ziren; oso gustura afaldu zuten.

Argazki galeria