Otsailak 28 edukiko ditu bihar. Egun berezia izango da Semblante Andaluz elkartearentzat; euren probintziaren egun ofiziala da. Ohorezko ardoarekin egingo dute topa, Lasarte-Oriako udal korporazioko kideekin batera, eta aparteko data hori ospatuko dute. Festa-giroa, ordea, ez da bihar etorriko elkartera; igandetik darama bertan. Motorrak ederki berotu ditu asteburuan Semblante Andaluzek.
Misa rozieroa ospatuz ekin zioten igandeari. Arantzazuko Ama parrokian elkartu, eta Juan Luis Murua apaizak emandako meza entzun zuten. Semblante Rociero koruak girotu zuen ekitaldia. Era berean, Rocioko Ama Birjinari hainbat opari egin zizkioten. Garizuma zenez, Duende Flamenco eta Gitanillas del Alba dantza taldeetako gaztetxoek ezin izan zuten parrokian bertan dantzatu. Ez zen arazo izan: elizatik atera bezain pronto, oholtzatxoa inprobisatu eta dantzan eta kantuan aritu ziren gazte zein helduak, giro ederrean.
Ondoren, indarrak berritzeko, bazkari goxoa, Semblante Andaluzen elkartean bertan. Bazkideak, beste elkarte batzuetako gonbidatuak eta udal korporazioko hainbat kide elkartu ziren bertan: Jesus Zaballos alkatea eta Maite Iglesias (PSE-EE); Pablo Barrio (EH Bildu), Arkaitz Naya (LOAD), Jon Antxordoki (EAJ) eta Alejandro Saenz (PP).
Elkartea jaio zenetik (duela ia 26 urte), Semblanteko hainbat bazkide aritu izan dira sukaldean. Aldatu egin dute hori aurten. Jose Perez lehendakariak azaldu zuen zergatia: "Urteotan guztiotan sukaldean lanean aritu diren bazkideak ere mahaian esertzea nahi dugu, bazkariaz goza dezaten, gainontzeko guztiok batera". Hori dela eta, catering enpresa bat kontratatu du elkarteak. Menua, hauxe: hestebeteak, arrain-pastela eta entsalada hotza (ganba eta txakarekin), hasteko; txanpinoiak eta hirugihar zatitxoak saltsan, ondoren; eta legatza saltsan edo txahal-masailak, ondoren. Postrerako, txokolate eta nata tarta. Ondoren, kafeak, eta txupitoak, digestioa egiteko.
Semblante Rocierok 24 urte
Bazkaltzen hasi aurretik, urtero legez, Andaluziaren ereserkia abestu zuten Semblanteren elkartera gerturatutakoek. Tartean, Semblante Rociero korukoek. Motibo bikoitza zuten igandeko festa-giroan murgilduta egoteko: Andaluziaren egunaren aurreko ospakizunak, noski, baina baita euren sorreraren 24. urtemuga ere.
Arratsaldean jarraitu zuten kantuek, dantzak eta giro onak. Lokaleko oholtza gainera igo ziren J.A. Vega, Petri Fuentes eta Paco Carrion artistak. Ikus-entzuleek primeran pasa zuten, eta sevillanak dantzatzera animatu zen bat baino gehiago.