Hari doinuak eta opera, hasteko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 21a, 15:42
Kamerata Oiasso eta Lirica Itsaso taldeen emanaldiekin hasi da Danok Kidek eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatutako V. Musika Astea.

Hari doinuekin eta opera zein zarzuelekin hasi da aurtengo Musika Astea. Danok Kidek eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute ekitaldia, elkarlanean. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa.

Lirica Itsasok errepertorio zabala eskaini zuen larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. Bitan banatu zuen egitaraua: lehenengo zatian, operak. Bigarrenean, berriz, zarzuelak. G. Verdiren 'Vedi le fosche notturne spoglie', G. Bizeten 'Habanera' edota Mascagniren 'Gli Aranci Olezzano' piezek osatu zuten operen zatia. Zarzuelenean, berriz, Chuecaren, 'Coro de Niñeras', Echegaray eta Eizaguirreren 'Luchando tercos y rudos' edota Soutullo eta Verten 'Ronda de los enamorados' entzun ahal izan zituzten aretora bertaratutako ikusleek.

Hari doinuak Brigitarren komentuan

Ostiral arratsaldean, berriz, Kamerata Oiassoren txanda izan zen. Biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxu jotzaileek osatzen duten soka orkestrak emanaldi atsegina eskaini zuen Brigitarren komentuan.