Askatasunaren parkeko garapen berria zehazteko parte hartze prozesua egingo du Udalak. Jesus Zaballos alkateak, Agustin Valdivia Hirigintza saileko buruak eta Olatz Irizar Emun kooperatibako kideak aurkeztu dute prozesua.
Irizarrek azaldu duenez, Askatasunaren parkeko erabilerari buruzko herritarren proposamenak eta ideiak biltzeko prozesua da eta bide ezberdinak erabiliko dira.
Lasarte-Oriako etxebizitzetara inkesta bat iritsiko da, udaleko webgunean ere erantzun ahalko dena. Erabiltzaile gehien dauden egunetan kale-inkestak egingo dituzte eta ikastetxeetan ere, gurasoei zuzendutako inkesta berezia banatuko da. Saio presentzialak ere egingo dira uda igaro ostean.
Lasarte-Orian erroldatu eta 18 urte baino gehiago duten pertsonek parte hartuko dute prozesuan. Nahiz eta iritzia emateko era ezberdinak egon, pertsona bakoitzak behin bakarrik erantzun ahalko du inkesta. Horregatik, izena, abizena eta NAN zenbakia zehaztu beharko dira.
Era berean, udal teknikariekin lan egingo da haien ideiak jasotzeko eta aurreko parte hartze prozesuen txostenak ere kontuan izango dira.
Ideia guztiak aztertu eta bideragarrienak aurrera eramango dira. Horretarako, berrurbanizazio proiektu bat diseinatu beharko da.
Hala ere, udal ordezkariek jakitera eman dutenez, eremuak Eusko Jaurlaritzaren babesa du eta ezingo da edozein proposamen gauzatu. Eusko Jaurlaritzaren txostena du Udalak bertan gauzatu daitezkeen lanak jakiteko. “Estetikoki komentuko baratzaren forma mantendu behar du. Gainera, ezin da estalki iraunkorrik jarri, ezta oholtzarik ere. Baina iraunkor izatea zer den definitu beharko dugu Eusko Jaurlaritzarekin”.