Momentu gozoa bizi du Axier Arteagak. Gustura, konfiantzarekin eta orain arteko mailarik onenean ari da aurrelari lasarteoriatarra. Hala erakutsi zuen pasa den larunbatean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako Binakako Promozio Txapelketako finalean.
8-0 aurreratu ziren Arteaga eta Erasun, eta ez zirudien norgehiagokak alde egingo zienik. Lasarteoriatarra nagusi zen jokoaren alderdi guztietan eta tantoak erraztasunez amaitu zituen.
Peña eta Salaverri ez ziren fin hasi, eta partiduan sartzea lortu zutenerako berandu zen. Tanto txukun batzuk lortu bazituzten ere, bikote gorriak abantaila kudeatzen jakin zuen, gehiegi urduritu gabe.
Aipatzekoa, bestalde, Arteagaren atzelari Jon Erasunek egindako lan fina. Segurtasunez jokatu zuen, Txapelketa osoan zehar egin duen modu berberean, eta tanto bakarra galdu zuen finalean. Aurkariak bere jokoa zigortzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu zizurkildarra gainditzea. Azkenean, 22-12ko emaitza eskuratu zuen bikote gipuzkoarrak.
Txapela etxeratzeaz gain, beste sari bat eskuratu zuen Axier Arteagak: Binakako Promozio Txapelketako pilotari onenaren saria. Lehiaketa bikaina egin du herritarrak. Hendaian Laso eta Iturriagaren kontra partiduari buelta ematear egon zen lehenengo jardunaldi hartatik, larunbatean Tolosan emandako erakustaldira arte.
Festa harmailetan
Herritar andana hurbildu zen Beotibar pilotalekura Arteagaren garaipena bertatik bertara ikustera. 145 sarrera inguru eskatu zituen familiak ingurukoentzat, eta harmailetan ere lasarteoriatarrak izan ziren nagusi. "Axier Arteaga!" edo "Segi pelotan" kantikoek soinu banda berezia ipini zioten garaipenari eta, ondoren, ordu txikietara arte luzatu zen ospakizunari.
Kantxa hartu zuten zaleek norgehiagoka amaitzean. Txapeldunak zoriondu eta haiekin argazkiak atera ondoren, haur batek ekarritako pilotarekin jokatzeari ekin zioten.
Atsedenik ez
Urtea ezinhobeto hasi badu ere, atsedenerako tarte txikia izango du Arteaga IIak. Banakako Promozio Txapelketa laster hasiko dute, eta Binakakoan erakutsitakoaren ondorioz, faborito nagusien artean kokatu da. Orain arteko mailari eustea eta, pixkanaka, jokoa are gehiago hobetzen joatea du erronka nagusia.
Ikusi hemen partiduko argazki galeria