Arrakasta handia izan dute aurtengo Udaltop topaketek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 12a, 19:10
Ostegunean eta ostiralean egin dira Manuel Lekuona kultur etxean Udaleko Euskara Zerbitzuen 9. Topaketak. Herrietako hizkuntza ohiturak izan dituzte aztergai

Inoiz baino parte-hartze handiagoarekin amaitu dira aurtengo Udaltop topaketak. "Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik?" izenburuz, gizartearen aktibazioaz eta hizkuntza ohituren aldaketaz solastu dira ostegun eta ostiraleko hitzaldi eta mahai inguruetan.

Osteguna

Reyes Prados aurkezleak gidatuta topaketei hasiera eman zitzaien ekitaldiaren ondoren, Miquel Strubell soziolinguistak hartu zuen hitza. Hizkuntza ohituren inguruan aritu zen ikerlari kataluniarra, haren inguruan dauden errealitateak eta mitoak azalduz. Ondoren Aguraingo esperientzia ezagutu ahal izan zuten bertaratutakoek Asier Lafuenteren eskutik. "Agurainen, egunerokoan, 75 ordu euskaraz" ekimenaren nondik norakoak eta ondorioak nabarmendu zituen antolatzaileak.

Atsedenaldiaren ondoren, Pello Jauregi irakaslearen txanda heldu zen. Lasarte-Oriako Euskararen Maratoiaren ondotik etorri zen "Baietz 40 egun euskaraz!" ikerketaren emaitzak eta ondorioak partekatu zituen bertaratutakoekin. Oro har, "pozik egoteko moduko emaitzak" izan zituen, Jauregiren ustez, "batez ere gazteengan". Xabier Aierdik ulermenaren mapa ekarri zuen, etorkizunera begirako erronkak eta aukerak identifikatuz.

Parte hartzaile guztiek Goiegi jatetxean bazkari goxoa dastatu ostean, arratsaldeko saioari ekin zioten. Bi mahainguru osatu zituzten. Lehenengoan, "Euskaldunak aktibatzeko esperientzien jarraipena nola egin" aztertu zuten. Hiru esperientzia izan zituzten mugarri: Donostiako Egia auzoko 'Egian euskaraz bizi nahi dugulako', Errenteriako 'Aste BatZUK euskararen eroaleak eta Arrigorriagako 'Baietz 365!'. Hiru ekimenen izenean Aitziber Gurutzeagak (Egia euskaraz), Aitzol Perez de San Romanek (Lau Haizetara) eta Karmelo Ayestak (Abarrak Euskara Elkartea) hitz egin zuten, Argiako kazetari Onintza Irureta moderatzaile zutela. Bigarrenean, bestalde, euskaldunak aktibatzeko esperientziak beste esparrutan nola aplikatu eztabaidatu zuten. Topaguneko Arrate Illaro, AEK-ko Asier Arroita, Emuneko Elias Zumalde eta Donostiako Piratetako Idoia Trenor solastu ziren Berriako Garikoitz Goikoetxeak mahaigaineratu zituen galderen gainean.

Ostirala

Ipar Euskal Herriko zenbait hizkuntza eragilek hartu zuten hitza ostiral goizean. "Zer eskatuko nioke Herri Elkargoari euskaldunen aktibaziorako?" galdera oinarri zutela, euren iritzia plazaratu zuten. Ondoren, Kike Amonarrizek, Jaurlaritzako euskara zuzendari Estitxu Alkortak eta Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagosek Euskal Herri mailako bi proposamen berri aurkeztu zituzten, "Baietz 11 egin euskaraz elkarrekin!", batetik, eta erakunde bakoitzaren praktika sozial berriak erraztuko dituen neurria bestetik.

Proposamen horien gainean bertaratutako jendeak egin zitzakeen ekarpenei garrantzia handia eman zieten. Hori dela eta, hiru lantegi antolatu zituzten kultur etxean bertan: Arduradun politikoak aritu ziren batean, euskara teknikariak beste batean eta gizarte eragileak azkenekoan.

Jardunaldietako azken hiztuna Estibaliz Amorrortu Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan zen. Ane Ortegarekin eta Jone Gorigolzarrekin batera, "Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak" liburua argitaratu zuen aurreko urtean. Hiztun berriak eta hizkuntza ohitura aldatzea izan zituen mintzagai ikerlari bilbotarrak.

Amaiera gertu zela, Kike Amonarrizek dinamizatuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Edurne Ramonek eta Topaguneko Arrate Illarok ekarpen lantegietako ondorioak partekatu zituzten. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranen eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Lakaren ondorioekin amaitu zen ekarpen lana.

Bederatzigarren Udaltop jardunaldiei amaiera musikatua eman zieten Xabier Lizaso pianojoleak eta Andoni Egaña bertsolariak. Aurtengo erantzuna ikusita, datorren urtean ere indarberrituta etorriko dira Udaltop topaketak bere 10. urteurrenean.