Aterpeak Villa Mirentxun egin du eguerdian sari banaketa. Bertara parte hartu duten tabernetako ordezkariak gerturatu dira. Ramon Ormazabalek eskertu du Aterpearen baitan dauden taberna hauen esfortzua “txapelketa honetan mimo handia jarri zuten hamabi tabernek eta hori eskertzekoa da”. Esker oneko hitzak ere eduki ditu herritarrentzat, tabernetara gerturatu eta ekimen honetan parte hartzeagatik “1.000 pintxo inguru saldu ziren beraz egitasmoa arrakastatsua dela uste dugu Aterpeatik”.
Udalari eskerrak eman zizkion urte hasieratik lantzen ari diren bidean lehiaketa hau bezalako ekimenak aurrera eramateko eskainitako babesagatik. Aldi berean, Ormazabalek adierazi du gutxi direla Aterpearen barruan dauden ostalariak, “bazkide gehienak merkatariak dira eta animatzen ditugu gurera ostalariak etortzera. Asmoa 2014.urtean ostalaritzaren egoera eta arazoak bereziki landuko duen taldea eratu ahal izango da Aterpearen baitan”.
Dioni Avila udal teknikariak ekimenak izandako arrakasta txalotu eta udalaren aldetik Aterpearekin lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.
Sari Banaketa
Pintxo irabazlea zein izan den azaldu dute agerraldian, boto gehien jaso ditu Arkupe tabernak eta Jeni Garciak jaso du garaikurra eta Aterpeako bazkidetza urte betez doan izango du. Bestalde, bozketan parte hartu duten herritarren artean 100 euroko bi bale banatu dira. Dirua Aterpeako komertzioetan gastatzeko izango da eta kasu honetan Ramon Lago eta Jenifer Godoy herritarrentzat izan da. Aterpeako arduradunak jarriko dira bi herritar hauekin harremanetan euren sariaren berri emateko.
Bukatzeko datorren urtean bigarren txapelketa antolatzeko asmoa azaldu dute “dena ondo bidean”.