Arin Express enpresak Ostadarren 11 futbol talde babestuko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 14:03
Itxura berria du Ostadarren futbol taldeen kamisetak aurten: Arin Expressen logoa daramate sabelaldean. Bi urteko laguntza hitzarmena sinatu dute garraio enpresak eta klubak

Ostadar SKTk futbol taldeen kamisetak berritzeko beharra ikusi zuen pasa den denboraldi amaieran. Babesle bila hasi, eta erabaki zuten Arin Express merkantzien garraio azkarreko enpresari eskaintza egitea. "Berehala" esan zuen baietz Mikel Urdiain enpresaburuak: "Txikitatik bizi izan dut futbola; izugarrizko ilusioa egiten dit Ostadar laguntzea". Bi urterako laguntza hitzarmena sinatu dute Urdiainek eta Ostadar SKTko lehendakari Imanol Bardajik. 11 futbol talde babestuko ditu Arin Expressek. "Pozik gaude hitzarmenarekin, herriko enpresari batek gure kirol egitasmoan sinetsi duelako. Bestalde, beharra genuen kamisetak berritzeko", adierazi du Bardajik.

Urdiainek lotura estua du futbolaren munduarekin. Michelinen hasi zen jokatzen, eta jokalari azkarra eta trebea zenez, Realak segituan fitxatu zuen, infantil mailako talderako. 15 urte azpikoen selekzioarekin jokatzera iritsi zen, baina lesio bat tarteko futbola utzi behar izan zuen. Kirol horrek transmititzen dituen baloreak nabarmendu zituen hitzarmena sinatzerakoan: "Esfortzua, taldearekiko konpromisoa, errespetua, elkarlana... Taldeko kirolek balore izugarri onak transmititzen dituzte".

Futbol taldeek estreinatu dituzte kamiseta berriak honezkero. Erregional Preferenteak pasa den asteburuan debutatu du ligan, Rotetari 2-0 irabaziz.