Arima galduez beteko da Atsobakar auzoa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 27a, 11:00

Urriaren 31n Halloween gaua antolatuko dute Caddie plazan. Haurrei zuzendutako hainbat ekintza egingo dira auzoan, hala nola, 'Trick or treat'. Mozorro desfilea ere izango da, eta iazko ospakizunaren antzera, gozokiak ere banatuko dituzte

Azaroaren 1ean Domu Santu  eguna da, hildako senideak gogora ekartzeko eguna. Baina bezperan ere, bada zer ospatu: arimen gaua edo Halloween. Lasarte-Oriako Atsobakar auzoan iaz lehenengoz antolatu zuten festa. Ekimenak izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ere arima galdu, munstruo eta sorginez beteko da urriaren 31n, asteazkenean.

Atsobakar auzoko Stratford Ingles Akademiak, Ola enmarkazioak eta Buenetxea kafetegiak lagunduta, Halloween festaren bigarren edizioa antolatu dute; Aterpea herriko merkatarien elkarteak ekintza babesten du. 

Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, haurren gozamenerako  photocall, musika eta jokuak izango dira Caddie plazan. Honez gain, Trick or treat egingo dute auzoan zehar. Hainbat ezusteko ere izango dira, antolatzaileek azaldu dutenez: "Iazko ospakizunaren antzekoa izango da, baina ekintzek hobekuntzak izango dituzte". Photocall-ean, esaterako, mozorroak janzteko aukera izango dute parte hartzaileek. Gozokiak banatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Gazteekin batera, nerabeak festara erakartzea izango da erronka nagusietako bat.  Aterpea merkatarien elkarteak dei egin die Lasarte-Oriako herritarrei Halloween eguneko festan parte hartzera.