Azaroaren 1ean Domu Santu eguna da, hildako senideak gogora ekartzeko eguna. Baina bezperan ere, bada zer ospatu: arimen gaua edo Halloween. Lasarte-Oriako Atsobakar auzoan iaz lehenengoz antolatu zuten festa. Ekimenak izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ere arima galdu, munstruo eta sorginez beteko da urriaren 31n, asteazkenean.
Atsobakar auzoko Stratford Ingles Akademiak, Ola enmarkazioak eta Buenetxea kafetegiak lagunduta, Halloween festaren bigarren edizioa antolatu dute; Aterpea herriko merkatarien elkarteak ekintza babesten du.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, haurren gozamenerako photocall, musika eta jokuak izango dira Caddie plazan. Honez gain, Trick or treat egingo dute auzoan zehar. Hainbat ezusteko ere izango dira, antolatzaileek azaldu dutenez: "Iazko ospakizunaren antzekoa izango da, baina ekintzek hobekuntzak izango dituzte". Photocall-ean, esaterako, mozorroak janzteko aukera izango dute parte hartzaileek. Gozokiak banatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Gazteekin batera, nerabeak festara erakartzea izango da erronka nagusietako bat. Aterpea merkatarien elkarteak dei egin die Lasarte-Oriako herritarrei Halloween eguneko festan parte hartzera.