Apirileko feria, Sevillatik Sasoetara

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko api. 15a, 20:57
Lasarte-Oriak Apirileko feria ospatu du, aurten lehenengo aldiz. Sasoeta Sasoian elkarteak sustatu du ekitaldia, Udalaren, auzoko merkatarien eta Semblante Andaluzen laguntzarekin. Oso arrakastatsua izan da

Sasoetako Jaizkibel plaza (eta auzoa, oro har) alaitu eta koloreztatu du Lasarte-Oriako Apirileko feriak. Auzo elkarteari eta merkatariei otu zaie ideia, eta, Udalaren eta Semblante Andaluz elkartearen laguntzarekin, festa ederra antolatu dute asteburu honetan. Lasarteoriatarrek gustura hartu dute ekimena, eta Jaizkibel plaza bete dute egunotan, eguraldia lagun.

Ostiral gauean piztu zituzten argiak. Ondoren, aurreskua dantzatu (Euskal Herriko dantza tradizionala andaluziarrarekin uztartu dute), eta Amaia Gonzalez Caballero dantzariak eta bere hainbat ikaslek dantzatu zuten. Eguzkia ezkutatu zen, baina festa giroak segitu zuen: gaueko ordu txikietara arte dantzatu eta kantatu zuten herritarrek.

Larunbatean, gehiago eta hobeto

Ostiralean motorrak berotu eta gero, larunbatekoa izan da Apirileko feriako egun handia. Goizean, Gitanillas del Alba eta Duende taldeetako gaztetxoek dantzatu dute, hainbat ikusleren aurrean. Eguerdi partean aritu dira, ederki aritu ere. Emanaldi horien ostean, sabela bete eta eztarriak freskatzeko tartea: Salamancatik ekarritako urdaiazpiko goxoa eta Andaluziako edari ezagunenetako bat, rebujito delakoa. Mantzanila ardoa eta gasdun edariren bat (Sprite edo Seven Up, esate baterako) nahastu behar dira, rebujitoa egiteko.

Jaizkibel plazara igotakoek mokadutxoa jan bitartean, Semblante Andaluz elkarteko sukaldari taldeak hainbat arroz paella goxo prestatu ditu. Ehun pertsona baino gehiago elkartu dira herri bazkarian. Menua argi dago: momentuan prestatutako paella.

Digestioa egin eta gero, ez dira gutxi izan Semblante Rociero koruarekin batera kantatzera eta abestera animatu direnak. Jaizkibel plazan bertan hasi dira, eta auzoan barrena ibili gero, ia orduz. Tabernaz taberna, kalez kale, giro ederra jarri dute koruko kideek. Ondoren, zortziak pasatxo, Zambra taldeko dantzari trebeek zur eta lur utzi dituzte herritarrak. Errenteriatik etorri dira zuzenean, beste emanaldi batetik, baina energia eta gogoak soberan dituztela erakutsi dute. Txalo eginez saritu dute ikus-entzuleek dantzarien esfortzua.

Bukatzeko, gauerdi aldera itzali dituzte herriko lehenengo Apirileko feriako argiak. Ez litzateke harritzekoa izango datorren urtean berriro piztea. Sevillatik Sasoetara ekarritako ospakizunak eman ditu arrazoiak Lasarte-Orian sustraitzeko.