Bi aste baino gutxiago geratzen dira ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea bukatzeko; hilaren 16a (astelehena) izango da azken eguna. Erreziboa helbideratuta daukaten lasarteoriatarrei aipatu egun horretan kobratuko zaie tasa. Helbideratuta ez dutenek, aldiz, hainbat bide dituzte pagatzeko: banku eta aurrezki kutxetara joan eta han ordaindu, edo, bestela, internet bidez, Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdean. Apirilaren 16rako ordaindu ez duten herritarrek errekargua jasoko dute tasaren erreziboan, Udalak jakinarazi duenez.
Zaborraren tasa, maiatzaren 15erako
Zaborraren 2018ko tasa ordaintzeko epea hilabete beranduago bukatuko da; maiatzaren 15a izango da borondatezko azken eguna. Erreziboa helbideratuta duten lasarteoriatarrei egun horretan kobratuko zaie. Helbideratuta ez dutenek, apirileko bigarren hamabostaldian gutun bana jasoko dute etxean. Baten batek jasoko ez balu, edo kopiaren bat beharko balu, udaletxeko hirugarren solairura joan beharko du, zerga bilketen bulegora. Bestela, 943 376 187 telefono zenbakira hots egin dezake. Tasa honen ordainketa ere banku eta aurrezki kutxetan egin daiteke.