'Antzerkiaren Nazioarteko asteburua' Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 25a, 15:55
Kukuka Dantza eta Antzerki eskolaren eskutik, III. Antzerki Topaketez gozatu dute lasarteoriatarrek asteburuan. Zabala eta anitza izan da egitaraua: bost emanaldi eta familia osoarentzako tailer bat

Datorren asteartean, hilak 27, Antzerkiaren Nazioarteko eguna ospatuko da mundu osoan zehar. Lasarte-Orian ere bai, jakina. Dena den, Antzerkiaren Nazioarteko egunaz bainoago, Antzerkiaren Nazioarteko asteburuaz gozatu dugu gurean. Egitarau anitza eta zabala prestatu du Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak: bost antzezlan eta familia osoarentzako tailer bat, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Emanaldi horiek denek osatu dituzte III. Antzerki Topaketak.

Hika Teatroaren Txarriboda antzezlanak ireki du aurtengo egitaraua. Herritarrek Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioa bete dute ostiral arratsaldean, Agurtzane Intxaurragak sortutako lana ikusteko. 

Larunbatean, berriz, hainbat aukera: goizean, familia ugari animatu dira Sasoeta ikastetxeko gimnasiora joan eta adin-tarte guztiei zuzendutako antzerki tailerrean parte hartzera. Bukatu eta gero, Gaztelekura joan dira hainbat, Kalean otso, etxean uso emanaldia ikustera. Arratsaldean jarraitu dute emanaldiek; Ttakunenean, 18:00etan, Inor ez dator taularatu du Amaia Irazabalek; handik ordubetera, Abend Kafe Antzokian, Gudua antzerkia eskaini dute Dorleta Urretabizkaiak eta Asier Hernandezek; eta, bukatzeko, Nerea Gorriti eta Ane de Miguelek osatutako bikoteak Zaharrak berri lana ekarri du Furia Beltza tabernara.

Argazki galeria