Ana komiki pertsonaia bat da, baina ez edonolakoa. Teresa Castro Gutierrez da haren sortzailea, eta Anaren garrantziaz ohartarazteko ariketa erraz bat proposatu du: komikien pertsonaia nagusietan pentsatzea. Superman, Batman, Spiderman, Asterix eta Obelix, Tintin... etor dakizkioke baten bati burura. Baina, horietatik zenbat dira emakumeak? Ariketa horretan beste pixka bat sakondu du: "Eta zenbat dira lesbianak?". Iluntasun horretan argi printza bat emateko buru belarri jarri da lanean Gutierrez, eta Anaren pasarteak argitaratzeko diru bilketa abiatu du. Lasarte-Orian aurkeztu du proiektua.
2013an hasi zen Gutierrez Anaren pasarteak marrazten, Gehituren aldizkarirako. "Irakurri nahi nituen istorioak kontatu nahi nituen, eta horregatik sortu nuen L.S.B.Ana Lesbikomikia!". Bere abenturak kontatzen dituen emakume lesbiana da Ana, eta, oro har, aldizkariaren gaiekin zerikusia duten gauzak kontatzen ditu: sexu-transmisio bidezko infekzioetatik babestea, bisexualitatea, transexualitatea, errespetatzen eta onartzen ez zaituen munduarekin bat etortzeko beharra... "Gai lesbikoak tratatzen ditu, baina lesbiana baten ikuspuntutik". Badu berezitasun bat Castroren kontatzeko erak: "Umore onez hartzen du dena, pertsonaia alaia eta positiboa da".
Gehituren aldizkaria
Gehituren aldizkarian argitaraturiko komikiak nahi ditu bildu Castrok, eta denak liburu batean argitaratu. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri ahal izango dira. Horrez gain, PDF euskarrian beste hainbat hizkuntzatara itzuliko dituzte. "Komikia tresna ezin hobea da nerabeengana iristeko".
Martxa onean doa proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du, eta norbanakoek emandako diru laguntza bikoiztu du. http://goteo.cc/lsbiana webgunean egin daitezke ekarpenak, eta aldizkari bat erreserbatu. 2018an aterako da Anaren pasarteen bilduma.
Gizonen mundu bat
Estatistikek diotenez, emakumeak dira gehien irakurtzen dutenak, baina, komikien kasuan, askoz ere gizonezko irakurle gehiago daude. "Emakumeak komikietan superheroien adiskideak dira, esanekoak eta gizon baten laguntza behar dutenak. Eta denek janzten dute antzera: arropa gutxirekin".
Edonola ere, azken boladan gauzak zertxobait aldatzen joan dira, eta eleberrigintzaren pausoak ematen hasi dira hainbat komikigile. Badaude emakume ahaldunduak pertsonaia nagusi diren gero eta komiki gehiago. Talde txiki horretara gehituko da Ana hurrengo urtetik aurrera.