Ane Labakak Laboa Katedrako proiektu saria lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 20a, 11:00
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak eskainitako hiru proiektu sariak badute onuradun. Horietako bat Ane Labaka Mayoz herritarra dugu.

Mikel Laboa Katedraren helburu nagusia da euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Honetarako euskal artea eta folklorea, musika, dantza eta bertsolaritzaren inguruko master-amaierako lanen proiektuak nahiz ikerketa-lan monografikoen proiektuak sustatzeko diru-laguntza du martxan.

Ane Labaka herritarrak 'Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik'  lana aurkeztu eta 2.000 euroko saria jasoko du bere lana osatzeko.

Herritarrarekin batera, Itziar Navarro Ibañez eta Xumai Murua Berra izan dira sarituak. 

Lanen mailarekin gustura agertu da epaimahaia.

Motibazioa

Ane Labaka herritarra “oso pozik” agertu da sariarekin eta  gizarte antropologiako masterreko azken proiektua garatzeko beste motibazio bat dela aipatu digu. 

Lanari dagokionez, hasieratik argi zuen “bertsolaritza eta emakumea lotu nahi nituela. Aurreko lanak irakurri eta guztietan umorea aipatzen zen baina inork ez dio heldu gaiari. Beraz, nire aportazioa egiteko aukera ikusi nuen”.

“Lanaren hipotesia bikoitza izango da. Batetik genero sistemak kultura arlo ezberdinetan erabiltzen den umorea markatzen duela aztertuko dut eta bestetik, bertsolaritzan emakumeek ezarritako sistema horri aurre egiteko umorea erabiltzen dutela. Ikuspegi orokor batetik hasi eta bertsolaritzara eramango dut gero,” azaldu digu. 

Lana dokumentatzeko elkarrizketak izango dira oinarrietako bat, “Aitziber Garmendia aktorea elkarrizketatu dut, baita ipuin kontalari bat ere. Aurrerago bertsolarien txanda izango da”.

Gainera, ohiko bertso saio baten eta 'Ez da kasualitatea' moduko saioaren analisia ere egingo du hauetan erabiltzen den umorea konparatzeko asmoz.

Horregatik, Mintzola Ahozko Lantegiak bere lanerako eskaini ahal dizkion material eta baliabideak ere aipatu eta eskertu ditu.